Ruth Perez de Anucita; Komunikazio arduraduna
Donostiako Zinemaldiaren Komunikazio sailaren gidari lanetan urtebete darama Ruth Perez de Anucitak (Errenteria, 1979). Prest dago 65. ekitaldirako. Nolakoa ari da izaten Zinemaldiko esperientzia? Pasa den urteko apirilean sartu nintzen Komunikazio sailean, eta aurtengoa nire bigarren ekitaldia da. Iaz, bost hilabete izan nituen nire lana betetzeko, eta zaila izan zen. Aurtengoa prestatzeko denbora gehiago izan dut, eta esperientzia hobea ari da izaten. Aitortu behar dut zorteduna sentitzen naizela. Kazetaria naiz, eta alde batean egotetik bestera pasa naiz, eta oso gustura nabil. Zeintzuk dira zure egitekoak? Askotarikoa da. Prentsa ohar guztiak nik idazten ditut, argitalpenen koordinazioa daramat, egunkari eta telebista ofizialaren kudeaketa, ekoizpen garapen batzuk… Azken batean, Zinemaldiaren kontaketa egitea da gure lana. Lan-talde zabala duzue Komunikazio sailean? Urtean zehar sei lagun ibiltzen gara lanean. Estatuko eta nazioarteko prentsa arduradunak, webgune zein sare sozialen arduraduna, kreditazioak kudeatzen dituzten bi pertsona eta ni. Orokorrean, ordea, eta datu esanguratsu bezala, urtean zehar 24 bat pertsonak lan egiten dute jaialdiari begira, eta Zinemaldian 600 bat aritzen dira. Zinemaldiaren komunikazio estrategia nola garatzen duzue? Egutegi bat dugu zehaztuta. Maiatzean jaialdiaren kartela aurkezten dugu, eta hortik aurrera abiatzen gara. Lehenbizi astero bidaltzen ditugu prentsa oharrak, eta gerora egunero. Besteak beste, Zinemaldiaren inguruko albisteak eta sail guztien informazioa. Komunikazio ikuspegitik urtero gauza batzuk indartzen ditugu. Egungo zuzendaritzak talentu berrien, atzerriko kritikarien eta industriaren lerroak azpimarratu nahi ditu. Horien inguruko informazioa helaraztea dagokigu. 65.ekitaldiak badu berritasunik komunikazio alorretik? Urtero nahiko antzekoa da. Edukia da aldatzen dena, eta baita ere azpimarratu nahi duguna. Esaterako, aurten Glocal in Progress egitasmo berria indartu nahi dugu. Industriarekin du harremana eta ekoizpen fasean dauden filmak laguntzeko tresna da. Iaz abiatu genuen proiektu bati ere segida eman nahi diogu. Zuzendari batzuei elkarrizketa egin genien artxiborako. Aurten, zinema munduko pertsonen egunerokoa bideo bidez jaso nahi dugu. Sail Ofizialarekin batera, beste sailei ere ikusgarritasuna ematen jarraitzeko asmoa dugu. Adibidez, Perlak, Zabaltegi-Tabakalera, Horizontes Latinos eta Culinary?Cinema sailak ikusleentzat eta hedabideentzat erakargarri izatea nahi dugu. Erronka pertsonalik duzu aurtengo Zinemaldirako? Bi aipatuko ditut. Batetik, kazetariek beraien helburuak betetzea gustatuko litzaidake. Ez da batere erraza izaten, baina ahalegin berezia egin behar dugu. Bestetik, prentsaurrekoetan galdera gehiago egotea nahiko nuke. Kazetari oso onak ditugu, eta film baten prentsaurrekoan gero eta galdera gutxiago egiten dira. Horrez gain, lehen aldiz etortzen diren kazetariek itzultzeko gogoa izatea nahi nuke, eta prozesuan dauden filmek oihartzuna izatea. Zinemaldira etortzen diren izar handiekin eta artistekin egoteko aukera izaten duzue? Izaten dugun harremana beti profesionala da. Prentsaurrekoetan eta argazki saioetan egoten gara beraiekin. Laguntza ematea da gure lana, beraien lana erakusteko erraztasunak eta baliabideak jartzea. Zergatik ordaindu behar da Zinemaldian kreditatzeko? Beste jaialdietan aspaldi hasi ziren kobratzen, eta Zinemaldia azkenetakoa izan da gauza bera egiten. Bi arrazoi daude kreditazioa ordaindu behar izateko: ekonomikoa eta muga bat jartzeko. Hedabideei zerbitzu ona eta profesionalagoa eskaintzeko balio du. Era berean, Zinemaldiaren benetako jarraipena egingo duten hedabideei aukera emateko baliagarria da. Azken batean, asko dira jasotzen ditugun kreditazio eskaerak. Iaz, 1.200 kazetari inguru kreditatu genituen, eta aurten antzera. Zinemaldiaren irudia zaintzeaz ere arduratzen zarete? Bai, eta oso barneratua dugu lan hori. Oso garrantzitsua da guretzako edonork Zinemaldia bere sentitzea. Ona da jaialdiaren irudia? Beste erakunde batzuekin alderatuta ona da, bai. Gure informazioak oihartzuna izaten du, han eta hemen. Eguneroko lanaren emaitza da hori.