Santa Teresa eraikina Orixeri emateko konpromisoa hartu dute udaleko alderdiek
Santa Teresa komentuko eraikina Orixe ikastolari emateko konpromisoa hartu zuten udaleko alderdiek iaz. Oraindik, horretan jarraitzen dutela azaldu dute Udalbatzarrean. Izan ere, EAJk, PSE-EEk eta PPk gaiaren inguruko mozio arrunta aurkeztu dute, eta, babesa adierazi diote Irabazi Donostiak eta EH Bilduk, naiz eta hainbat desadostasun azaldu dituzten.
Miren Azkarate EAJko zinegotziak azaldu du mozioaren helburua Gipuzkoako Foru Aldundiari bideragarritasun azterketa bat egiteko eskatzea dela. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak, aldiz, udal gobernuak “aurpegia garbitzeko” modu bat dela salatu dute.
Tasen igoera
Udal gobernuak hainbat tasen igoera onartu du Udalbatzarrean; tartean, urez hornitzeko zerbitzuak eskaintzeagatiko tasak eta zaborra biltzeko zerbitzu emateagatiko tasak. Hauexek izan dira, hain zuzen ere, alderdien artean zalaparta gehien sortu dutenak. Dena den, udal gobernuak azaldu du ia ez duela zergarik igo eta tasak ere azken sei urteetako igoerarik txikiena izan dutela.
Ostiraleko egunkarian bildu ditugu udalbatzarreko hainbat gai.