Ez garelako turista gure hirian lelopean,
Turismoaz pentsatzeko topaketa herritarrak egiten ari dira. Atzo hasi zituzten eta gaur jarraituko dute Amarako eskoletan. Turismoaren inguruko ezinegona eta kezka duen herritar talde bat da antolatzailea.
Azaldu dute bisitarien gorakadarekin batera kezkak ere gora egin duela donostiarren artean: “Turismoa hirian sortzen ari den ondorioak eta aldaketak herritarren eta hedabideen eztabaidagai nagusietakoa bihurtu dira azken urteetan, eta iragan berri den udan nabarmen”.
Gogorarazi dute turismoaren eragin sozial, ekonomiko eta kulturalen inguruan kezka azaldu dutela hainbat eragile sozialek, eta, bide ezberdinak erabiliz, euren proposamenak, protestak eta aldarrikapenak azaleratu dituztela.
Jardunaldiek hainbat helburu dituzte:
- Turismoak donostiarron eguneroko bizimoduan sortzen dituen ondorioak ezagutzea.
- Donostian indarrean dagoen turismo ereduaren ondorioekiko ikuspegi kritikoa duten talde eta herritarren kezka eta diskurtsoak ezagutu eta ezagutaraztea.
- Gaiaren ikuspegi sinplista eta manikeoa gainditu eta problematikaren zabaltasuna agerian jartzea.
- Turismoak donostiarron egunerokoan dituen eraginak lantzen jarraitzeko aukera berriak sortzea.
Gaurko egitaraua:
Irailak 30, larunbata
10:00.- Turismoaren testuinguru historikoa Donostian – Iñaki Egaña (Euskal Memoria).
11:00.- Atsedenaldia
11:30.- Turismoaren eraginak donostiarren ahotsetatik – Bizipenen bilduma-solasaldia. Moderatzaile: Irati Elizalde (kazetaria). Gonbidatuak: Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea, Hondarpe Groseko Auzo Elkartea, Ernai, Eguzki, “Efecto AirBnB en Donostia” ikerketa, Donostiako Etxebizitza Kolaboratiboa proiektua, Sator Alaia Bizilagunen Mugimendua, Loiola D’Or, …
13:30.- Talde bazkaria.
16:00.- Ura dugu leporaino eta euria hastera dago, zer egin? – Talde-gogoeta taillerra.
18:00.- Agurrik ez, laster arte.
*Haurtzaindegi zerbitzua eta gaztelaniara aldibereko itzulpena egongo da.