Hausnarketarako talde txikietan banatu dira lehenengo. (Argazkia: Lide Ferreira)
Ez garelako turistak gure hirian lelopean,
turismoaz pentsatzeko topaketa herritarrak egin dituzte. Bi eguneko egitaraua antolatu dute, eta eragile zein norbanako desberdinek parte hartu dute bertan.
Ostiralean,
Bartzelona eta Ipar Euskal Herriko turismoaren inguruan hitz egin zuten, eta, gaur (larunbata), hainbat zatitan banatu dute eguna. Goizean,
turismoaren testuinguru historikoa Donostiara ekarri du Euskal Memoriako kide Iñaki Egañak eta
eragile desberdinek nola bizi duten turismoa kontatu dute. Zehazki, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Hondarpe Groseko auzo elkartea, Ernai, Eguzki, AirBNB eragina Donostian ikerketa, Sator Alaia, Donostiako Etxebizitza Kolaboratiboa proiektua, Loiola D’Or… guztien esperientziak plazaratu dituzte. Arratsaldean, berriz,
hausnarketa tailer bat egin dute,
Ura dugu leporaino eta euria hastear dago. Zer egin? izenburupean.
Hiru galdera, abiapuntuak finkatzen joateko
Arratsaldeko saio horretan, parte hartzaileak bi taldetan banatu dituzte, eta
hiru galdera erantzun behar izan dituzte: Orain arte entzundakotik, zer nabarmenduko zenuke?; zertan du eragina turismoak zure bizimoduan?; nola egin aurre egoera honi? nondik abiatuko zinateke?
Besteak beste, askotan errepikatu den ideia izan da
turismoak bere baitan beste hainbat arazo dituela: etxebizitzen prezioen igoera, lan prekarioak, auzoan izaera galtzea… Horrek guztiak dakar Erdialdean eta gune turistikoetan bizi den jendea beste auzo edo herrietara joan behar izatea: “Guztia interes pribatuen onura bermatzeko”.
Parte Zaharraren egoera bereziki larria dela azpimarratu dute parte hartzaile guztiek, eta kezkatuta azaldu dira: “Hiria lapurtzen ari dira, auzotarrak bertatik kanporatzen, eta Donostiako gero eta jende gutxiago doa Parte Zaharrera”. Azken batean,
espazio publikoa, nolabait, hiritarrak “galtzen” ari direla esan dute: “Egiten den erabili onartu dugu, eta ez gara konturatzen espazio hori galtzen ari garela”.
Egoera honi aurre egiteko, zenbait proposamen egin dituzte hausnarketa tailerrera hurbildu direnak; tartean, eragile desberdinak bilduko dituen topagune moduko bat sortzea eta turismoaren arazoa ikusaraztea.
Hausnarketaren ondorio eta proposamen sakonagoak datorren ostiralean argitaratuko ditu IRUTXULOKO HITZAk.