Gurasolaguna sortu dute, Mintzalagunaren barnean
Mintzalagunen ikasturte berria abiatuko da, eta izen emate epea zabalik egongo da urriaren 21a arte. Euskara praktikatu nahi duten lagunei zuzendua dago, astean behin ordubetez euskaraz hitz egiteko. Horretarako, ordea, euskara ongi menperatzen dutenen laguntza behar izaten dute. Gurasolaguna da aurtengo berrikuntza, ikastetxe bereko gurasoekin osatuko dituzten mintza taldeak. Akordioa itxi dute Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak, hirugarren ikasturtez; horrela, 25 euro ordaindu behar dute euskara praktikatu nahi dutenek (lehen 75 euro ziren). Azken hiru urtean gora egin du partaidetzak, eta ikasturte berrian 450 partaide espero dituzte.
Laguntzaileei dei berezia
Euskara praktikatu nahi dutenen erantzuna handiagoa izatea espero dutenez, dei berezia egin diete euskaraz hitz egiteko ohitura dutenei, ikasle horiei laguntzeko. Laguntzaile moduan arituko direnak EHUko ikasleak izan ezkero, kredituak lortzeko aukera izango dute.
Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen webgunea da; elkartearen egoitzan (Hernani kalea, 15) ere aukera egongo da, baita 943 00 50 74 telefono zenbakira deituta. Hiru edo lau laguneko taldeak izaten dira normalean. Horrez gain, hilean behin, taldeko jarduerak antolatzen dituzte mintzalagun guztientzat: irteerak, bisita gidatuak… astero parte hartzaile guztiek Donostian euskaraz egiten diren jardueren agenda jasotzen dute. Euskarazko komunikabideetan ere beherapenak dituzte mintzalagunek.
Mintzalaguna egitasmoa duela 24 urte sortu zuen Bagera elkarteak. Donostian, lagun asko aritu dira euskaraz hitz egiten Mintzalagunaren bidez, eta Euskal Herriko beste 70 herritara ere zabaldu da. Azken ikasturtean, esaterako, 7.500 mintzalagun aritu dira Euskal Herrian. Mintzalagunaz gain, Mintzodromoak eta Mintzanet jarduerak ere abian dira.