Formakuntza saioa prestatu dute kirol elkarteetako arduradunentzat
Formakuntza jardunaldiak antolatu ditu Eibe elkarteak. Kirol elkarte eta zuzendaritzetako kideei zuzendutako formakuntza saioa izango da, urriaren 7an, 9:00etatik 15:00etara, Hernaniko Orona Ideo eraikinean. Antolatzaileen arabera, kirol elkarteetan lanean dabiltzan hainbat lagunekin egon dira, eta euren beharrak eta egoera ezagutu dituzte, horrela, behar horien arabera antolatu eta diseinatu dute formakuntza. Parte hartzeko izena eman beharra dago; pertsona bakoitzak 35 euro ordaindu beharko ditu, hori bai, elkarte batetik bi pertsona joan ezkero, 50 euro ordaindu beharko dituzte, eta hiru badira, 75 euro. Informazio zehatzagorako Eibe elkartearen posta elektronikora idatz daiteke: eibe.elkartea@gmail.com.
Gai hauek landuko dituzte jardunaldietan: kudeaketari buruzko aholkuak (datu babesa, begiraleen kontratazioak, babesleak, hobariak…); komunikazioa (barne komunikazioa, bazkideak, gurasoak, haurrak…); kanpo komunikazioa (komunikazio digitala, sare sozialak…); talde lana eta lantaldea (lantalde, ekipoak kudeatzeko teknika eta aholkuak); motibazioa eta elkarteko kideen berrikuntza eta errelebo prozesuak.
Helburuak:
– Kirol elkarteen jarduera hobetzea eta berauen eraginkortasuna handitzea.
– Kirol elkarteek eskaintzen dituzten zerbitzuak hobetzea eta herrian betetzen duten funtzio sozialaz jabetzea.
– Kirol elkarteetan dabiltzan herritarrak trebatzea eta goxatzea. Elkartearen jardunean aurkitzen diren zailtasun eta arazoen aurrean tresnak eskaintzea. Beraiek elkartean duten bizipena hobetu dadin parte hartze osasungarri bat bultzatzea, eta, ondorioz, beste herritarrengan parte hartzea sustatzea.
– Kirol elkarteen arteko harremanak edota elkarlana sustatzea.