Sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute goizean Alderdi Ederren, Kataluniari elkartasuna adierazteko.
Kataluniaren aldeko elkarretaratzea, Alderdi Ederren. (Argazkia: Lide Ferreira)
Katalunian greba orokorra eta mobilizazio eguna da gaurkoa. Horregatik, Donostian ere protestarekin bat egiteko mobilizazioak egiten ari dira; tartean, gaur goizekoa, Alderdi Ederreko elkarretaratzea. Bertan izan dira LABeko ordezkari Garbiñe Aranburu eta ELAko Txiki Muñoz. Arratsalderako, 19:00etan, manifestazio bat dago deituta, Bulebarretik hasita; eta, 22:00etan, kazeroladak egin eta argiak itzaltzeko deia egin dute.
“Igandean gertatu zena oso larria eta gogorra izan zen, demokraziari estatu kolpe bat eman zaio. Jakin arren salbuespen egoera batean bozkatuko zela, denok ikusi dugu zer nolako gogortasuna erakutsi duten irudiek eta nolako errepresioa erabili zuten Poliziak eta Guardia Zibilak. Igandekoaren atzean dagoena da 1978ko erregimena, 1978ko erregimenak inposatzen duen lurralde eredua, 1978ko erregimenak inposatzen duen erabakitzeko eskubidearen ukazioa”, aldarrikatu du Aranburuk.
Gizarte antolatua eta bizia
ELAko ordezkariak nabarmendu du errepresioa ez ezik, gizarte antolatu eta bizi bat ikusteko aukera ere egon zela: “Instituzioek bete zuten bere hitza, agindu zioten Kataluniari bozketa egingo zela, eta bozketa egin da; hori gertatzea pozgarria da”.
Aranbururen arabera, PPren jarrera antidemokratikoa agerian geratu da: “PP ez da alderdi demokratiko bat. Baina egia da PSOE eta Ciudadanosen eskutik ere ez dugula uste erabakitzeko eskubidearen aldeko bidea adostu daitekeenik. Estatuak erakutsi duena da ezinezkoa dela estatuarekin erabakitzeko eskubidea gauzatzea”. Espainiako estatuaren jarreraz gain, Txiki Muñozek Urkullurena eta Eusko Jaurlaritzarena ere aipatu ditu: “Erakusten duena da elkartasuna PPrekin. Espainiako gobernuak egiten duena oso gogorra da, eta orain arte EAJk eta Eusko Jaurlaritzak defendatu dutena izan da ustelkeria ez dela oztopo haiekin akordioak egiteko. Akordio horiek ez dira onak Euskal Herriarentzako, antisozialak dira eta autogobernu gero eta gutxiago daukate”.
Euskal Herriaren unea
Kataluniako egoera Euskal Herrira ere ekarri du Aranburuk: “Euskal Herrian iruditzen zaigu badela momentua subirautza prozesu bat martxan jartzeko, bada momentua guk ere urrats berriak emateko, eta Euskal Herrian gauden eragile desberdinen artean ere adostasunak eraiki beharko genituzkeela erabakitzeko eskubidearen mesedetan. Gustatuko litzaiguke Quebec edo Eskoziako antzeko bide bat egin ahal izatea, gustatuko litzaiguke beste berme batzuekin erreferedumak eta erabakitzeko eskubidea egin ahal izatea, baina momentu honetan ezin da. Beraz, gure apustua da erabakitzeko eskubidea benetan defendatzen dugunon artean konfrontazio demokratikoaren hautu bat egitea eta hemen ere prozesu bat martxan jartzea”.