Donostiarraren talde teknikoa, Super Amaran egindako aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Denboraldi berria oraindik ez dute hasi trainerutako arraunlariek, baina Donostiarrako arduradunak lanean jarri dira, eta osatu dute jada talde teknikoa, 2017-2018 denboraldirako. Iazko taldetik, Borja Mena da jarraituko ez duen bakarra, eta bi lagun berri gehitu dira orain arteko taldera: Iñaki Mendizabal izango da emakumeen traineruko entrenatzailea, eta gizonezkoen B trainerua Rufo Urtizbereak zuzenduko du. Biek ere aipatu dute etxeko arraunlariekin moldatuko direla, momentuz, nahikoa jende badutelako.
Orain arte taldean zeudenek ere ardurak gehitu dituzte. Igor Makazagak jarraituko du gizonezkoen A traineruko entrenatzailea izaten, eta datozen hiru denboraldietarako sinatu du kontratua; aldi berean, bere esku joango da hiru traineruen zuzendaritza teknikoa. “Lan talde bikaina dugu aurrerapausoak emateko”, dio Makazagak. Gari Azkue laguntzaile lanetan izango du Makazagak, B trainerua utzi ostean. Eugenio Rodriguezek orain arteko ardura gehituko du, eta hiru traineruen kirol mailako kudeaketa izango du bere esku. Jose Ramon Mendizabalek jarraituko du delegatuen koordinazioan, eta, horretaz gain, Alberto Lopez presidenteak azaldu du beste pertsona baten bila dabiltzala, oinarriko kirolarien ardura har dezan.