Mikel Urdangarin eta Olatz Beobide, Bagerako kideak. (Argazkia: Malen Aldalur)
25 urte betetzen ditu aurten Bagera euskaltzaleen elkarteak. Hori dela eta, ‘25 urte, 25 bidelagun’ egitasmoa abiatu du. Urteurren festa, berriz, azaroaren 18an ospatuko dute.
Mikel Urdangarin eta Olatz Beobidek ez dute gogoan noiztik diren Bagera elkarteko kide. Urdangarinek hiru edo lau urte pasatu ditu elkarteko zuzendaritzan; Beobidek aurten lehenengoz eduki du elkartea barrutik ezagutzeko aukera.
Zergatik egin zineten Bagera elkarteko kide?
Mikel Urdangarin (M.U.).: Euskal komunitateko partaide sentitzen nintzelako. Garai horietan euskal komunitatearen eskubideen alde eta euskaraz bizitzeko aukerak sortzeko lanean Bagera aritzen zen.Iruditzen zitzaidan horrelako talde batek ezinbestean atzean pertsonak eduki behar zituela aukera handiagoak izateko.
Olatz Beobide (O.B.).: Ez zait gauza askotan harpidetzea gustatzen bestela hilabete bukaeran nahigabe handiak hartzen ditut. Baina Bagera moduko kasuetan ezberdina da; alde handia dago egotearen eta ez egotearen artean eta diru kopurua oso txikia da horrelako egitasmo bat babesteak duen garrantziarekin alderatuta. Aurten gainera, lehenengo aldiz barrutik ezagutuko dut elkartea. Izan ere, Bageraren 25. urteurren festa prestatzen ari naiz. Beraiek proposatu zidaten eta egun polit bat izatea nahiko nuke. Gauzak ez dira horrelakoetan amaitzen, egun horiek indartu eta aurrera jarraitzeko inflexio puntuak izaten dira. Horixe da ni helburua. Ea lortzen dudan umore eta plazer askorekin euskara gertu sentiarazten.
‘25 urte, 25 bidelagun’ egitasmoa abiatu du Bagera elkarteak.
M.U.: Niri bururatu zitzaidan ideia baina ez nuen ezerezetik sortu, beste egitasmo batzuetan du oinarria. Munduko hainbat lekutan egiten dira antzekoak, esaterako, emakumeen lana ikusarazteko. Espainian, adibidez, arlo ugaritan nabarmendu diren 100 emakume aukeratzen dituzte. Pentsatu nuen ederra litzatekeela halako zerbait egitea euskararekin ere. Gauza asko egiten ditugu eta horiek ikusarazi egin behar dira. Esan ohi da pertsona batek zerbaitetan aritzeko hainbat baldintza behar izaten dituela: gai izan edo sentitu, motibatuta egon eta aukerak edo baldintza egokiak eduki. Hizkuntza bat erabiltzeko ere baldintza horiek behar dira eta Bagerak 25 urtez egin du lan baldintza horiek eduki ditzagun. Hala ere, iruditzen zitzaidan Bagera elkarteaz gain bazeudela beste norbanako eta kolektibo asko norabide berean lanean ari direnak, eta egitasmoaren helburua horiek ikusaraztea da. Auzoko euskara elkartean, kirol arloan, unibertsitatean, kulturan, berdintasunaren arloan eta beste hainbat esparrutan egiten du lan jendeak euskararen alde. Jende askok egin du ahalegina gu eroso eta euskaldun oso sentitu gaitezen.
Zertan datza egitasmoak?
M.U.: Bagerako webgunearen bitartez jendeak urte guzti hauetan euskararen normalizazioaren alde aritu diren pertsonak proposatu ahal izango ditu. Gero Bagerak proposatutako talde batek aukeratuko ditu horietatik 25. Dagoeneko asko dira jaso ditugun proposamenak.
O.B.: Batzuk uste dute proposamena egin ahal izateko adituak edo izan behar dutela, baina justu kontrakoa da lortu nahi duguna. Ezezagun guzti horiek ikusarazi eta beraien lana azpimarratu nahi dugu. Euskaraz egitera bultzatu duen pertsona hori proposatu dezakete, izan daiteke mendi elkarteko kide bat, irrati esatari bat, guraso elkarteko norbait, lankide bat, berdin du.
Azaroan 18an 25. urteurren festa egingo duzue.
O.B.: Bai, ni ari naiz jaialdiaren prestaketa gidatzen. Orain dela hilabete inguru edo hasi ginen, baina gero parentesi moduko bat egin genuen Zinemaldiarekin. Goizeko egitarauarekin arduratu naiz bereziki, festa, antzerkia eta ikuskizuna uztartu nahi nituzke. Bestalde, 25 bidelagunei omenaldi moduko batzuk egingo dizkiegu egunean zehar. Gainera, azken asteetan 25 Bagerakideren testigantzak zabaldu ditugu eta bideo horietan Bagerak zer eskaini dien kontatu dute. Festan, berriz, bagerari zer eskatzen dieten azaltzen duen bideoa ikusiko dugu.
Nolakoa izango da eguna?
O.B.: Goizean Antzoki Nagusian hasiko dugu eguna, gero Zurriola ikastolara bidean hainbat geldialdi egingo ditugu, San Telmo museoan esaterako. oraindik ezin dut esan zeintzuk egongo diren gurekin baina musikariak eta aktoreak egongo dira tartean. Gero Zurriola ikastolan izango da bazkaria, eta, azkenik Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek eta Nerea Arriola aktoreak goxatuko dute arratsaldea. Egun horretan ez ditugu diskurtsoak eman nahi, umorea lagun dugula hausnarketa artistikoen bidartez euskarari dagozkion hainbat gai mahai gainean jarri nahi ditugu. Hausnarketa horiek guztiak bertsoaren bidez, antzerkiaren bidez eta abestien bidez sentiarazi nahi ditugu.
Donostiar eta Bagerakide bezala nola ikusten duzue hiriko euskalgintza eta euskararen egoera?
O.B.: Nik ezusteko oso politak hartzen ditut. Ez nago oso sartua euskalgintzan, edo agian oso sartua nago baina ohartu gabe. Nire egunerokoan gauza asko egiten ditut euskaraz, nahiz eta ez naizen egunero saiatzen hizkuntz politika bat aurrera eramaten. Albiste on asko jasotzen ditut, adibidez, Egian egin zuten egitasmoa edo orain Altzan eta Intxaurrondon egiten ari direna. Niretzat hori oso positiboa da, izan ere, konturatzen naiz nire gurasoek eta beraiek modukoek hasi zuten borra hark jarraipena duela. Uste dut garai haietan egindako lanak ikaragarrizko fruituak eman dituela, orain ia ikasketa guztiak egin daitezke euskaraz eta egunerokoan ere gauza mordoa egiten ditugu geure hizkuntzan.
M.U.: Ados nago Olatzekin. Uste dut euskalgintzan egokitzapen fase batean gaudela. Erakutsi dugu sekulako indarra eta gaitasuna dugula egoera berrietara moldatzeko.