
Hainbat bizilagun joan ziren herenegun Eusko Jaurlaritzak deitutako bilera informatibora. (Argazkia: Malen Aldalur)
Azaroan hasiko dituzte Topoaren igarobidea eraikitzeko lanak. Lau urte iraungo dute obrek eta bi zatitan egingo dituzte: Lehenengo, Lugaritz-Mirakontxa zatia, eta, ondoren, Mirakontxa-Easo zatia.
Topoa zabaltzeko lanak hasiko dira laster: Benta Berri, Kontxa eta Easoko geltokia lotuko dituzte lurrazpitik. Eneko Goia alkateak 2017ko egitasmo garrantzitsuenen artean nabarmendu zuen, eta, azkenik, hark iragarri bezala, aurten hasiko dituzte Topoaren igarobidea eraikitzeko lehen zatiaren lanak. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du hilabete honetako azken astean sinatu nahi dutela erreplanteo-akta, eta behin tramite hau egin ondoren, azaroan hasi nahi dituzte lanak. Bukatu, aldiz, 2022an egitea aurreikusten dute.
Egungo linea zabaldu egingo dute; 4,2 kilometroko luzerako bidea egingo du Lugaritzetik Easora. Bi zatitan banatu dituzte Topoaren igarobidea eraikitzeko obrak: alde batetik, Lugaritz-Mirakontxa zatia, eta, bestetik, Mirakontxa-Easo zatia. Horrela, tren sareari hiru geltoki berri gehituko zaizkio: Benta Berri-Antigua, Kontxa-Erdialdea eta Easo. Geltokien izenak behin behinekoak direla azaldu du Gorka Eraña Jaurlaritzako komunikazio arduradunak: “Geltokien izena jartzea udalaren esku egongo da”.
Xehetasun gehiagoren berri ere eman du Jaurlaritzak. Benta Berriko geltokiak bi sarbide izango ditu: bat Xalbador bertsolariaren eta Pedro Ugartemendia kaleen arteko elkargunera, eta, bestea, Benta Berri enparantzara, hau da, Matia kalearen bukaerara. Gainera, konexio igogailu bat ere egingo dute; sarbidea Zarautz hiribideko espaloian edukiko du, 35. zenbakiaren aurrean.
Kontxako geltokiak, berriz, hiru sarbide izango ditu; Xabier Zubiri plazatik, Loiola kaletik eta San Martin merkataritza zentrotik. Azkenik, Easoko geltokiak bi sarbide izango ditu; Autonomia kaletik bata, eta Azpeitia kaletik bestea.
Urria amaieran edo azaro hasieran hasi nahi dituzte Topoaren igarobidea eraikitzeko lanak eta lau urte iraungo dute. Aurten Lugaritz-Mirakontxa zatiarekin hasiko dira, eta 2018ko martxoan aurreikusten dute hastea bigarren zatiarekin, hau da, Mirakontxa-Easo tartearekin. 2019 amaieran indusketa lanak hasiko dituzte Erdialdean, hain zuzen ere, Londres hotela eta San Martin merkatuaren artean.
Protesta artean

Desjabetzeak egin nahi dituzte etxebizitza hauetan. (Argazkia: Malen Aldalur)
Topoaren bidea zabaltzeko lanek zalaparta sortu dute hirian. Satorralaia bizilagunen mugimenduak bi urte inguru daramatza egitasmo honen aurka borrokan; eta orain Antiguan ere mobilizatzen hasi dira Antiguan Metroa Gelditu izenpean. Haien ustez, hiriak ez du halako azpiegiturarik behar.
Dbuseko hainbat langile ere kezkatuta azaldu dira Topoak autobus zerbitzuak murriztea ekar dezakeelako, baina udalak eta Jaurlaritzak ukatu egiten dute. Jaurlaritzak azaldu du Topoaren zerbitzua osagarria izango dela hiriaren erdialdean, eta, gaineratu du Topoa lurpeko azpiegitura denez, trafikoak ez diola eragingo, ezta bestelako baldintzek ere.
Lanetarako 180 milioi eurotako inbertsioa egitea aurreikusten dute; obra zibila, instalazioak, eraikinetako aurre inspekzioak eta eremu berria gauzatzeko beharrezko bestelako kontratu guztiak barne: “Ezbairik gabe, diru kantitate handia da, baina epe luzeko inbertsio gisa ulertu behar dugu, izan ere, etorkizunean etekinak aterako dugu”.
Igarobidea egiteko lanen inguruko informazioa eskaini nahi die Eusko Jaurlaritzak herritarrei, hori dela eta, lanengatik kaltetutako auzoko bizilagunekin bilera informatiboak egingo ditu Gipuzkoako Merkataritza Ganberan. Herenegun bildu zen Zarautz eta Tolosa etorbideko eta Bertsolari
Xalbador kaleko bizilagunekin.
Bileraren aurretik Satorralaia bizilagunen mugimenduko kideek mahai informatibo bat jarri zuten sarreran. Bertan, bizilagunen kontaktuak jaso zituzten etorkizunean obren ondorioz kalteak sortuz gero auzotarren artean saretzea errazagoa izateko.

Antigua-Luberri institutuaren inguruan egingo dituzte Topoa eraikitzeko lanak. (Argazkia: Malen Aldalur)
Bileran teknikoek soilik hartu zuten parte, eta ez zen ordezkari politikorik egon. Bertan parte hartu zuen Ainara Campos bizilagunak eta azaldu du hiru teknikok proiektuen onurez hitz egin zutela, eta, ondoren, bizilagunen galderen txanda iritsi zela: “Jendeak ezinegona adierazi zuen, galdera asko politikoek erantzun beharrekoak ziren, baina han teknikoak soilik zeuden”. Gaineratu du bizilagunen parte hartzeetan askok jarri zutela zalantzan Topoa egiteko beharra, eta beste askok “inposizioaren aurrean zapalduak” sentitu zirela kontatu du.
Bestalde, lanen nondik norakoen zertzelada batzuk eman bazituzten ere, gauza gehiegi ez zituztela azaldu kontatu du bizilagunak: “Plano batzuk jarri zizkiguten baina ia ez ziren ikusten”.
Hala ere, azpimarratu du lanen inguruko azalpenak eman zituen teknikoak esan zuela lanek iraun bitartean Zarautz etorbideko errei bat itxi egingo zutela eta bertatik autoak kenduko zituztela: “Nola errei bat itxiko dutela? Zarautz etorbideak errail bakarra dauka”.
Lau urte iraungo dute lanek eta bizilagunak azaldu du, bileran esandakoaren arabera, puntu garrantzitsuenen inguruak hesituta edo itxita egongo direla denbora horretan, metroko sarrera eta irteerak, esaterako. Beste kasu batzuetan, aldiz, kalteek denbora gutxiago iraungo dute.
Bestalde, Camposek esplikatu du indusketa lanak gauez egingo dituztela: “Esan digute ez dela bibraziorik nabarituko, ezta zaratarik ere”. Hala ere, kamioien joan etorria handia izango dela ohartarazi diete: 20 kamioi inguru egunean; bataz beste, 15 minuturo kamioi bat.
Orain, Eusko Jaurlaritzak gutun bat bidaliko die bizilagunei , hala nahi izanez gero, beraien etxeen egoera nola dagoen aztertzeko: “Emakume batek esan zien Lugaritzen Topoa egin zutenean beraien etxeak ez zituztela aurrez ikuskatu eta ea oraingoan egingo ote duten galdetu zien”.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak bizilagun kaltetuen eta, orokorrean, hiritarren zalantzak argitzeko Topogunea izeneko informazio gune bat jarri du Easoko tren geltokian. Bertan egongo den langilea ere bileran egon zela azaldu du bizilagunak: “Esan digute edozein zalantza edo erreklamazio edukiko bagenu Topogunera joan gaitezkeela eta bertako langileari komentatu”.
Metrotik topora

Jakintza eskola dagoen Erregezain kalearen azpitik igaroko da Topoa. (Argazkia: Malen Aldalur)
Azpiegituraren gorabeheren artean beste bat gehitu da zerrendara. Topoa izenarekin ezaguna zen historikoki hiriko tren sarea, hala ere PSE-EEren garaietan Donostialdeko Metroa egingo zutela iragarri zuten; hau da, hiri erdialdean trena lur azpitik igaro eta geltoki gehiago eta maiztasun handiagoa jarri. Geltokietako seinaleak ere aldatu zituzten egun batetik bestera, eta horrek polemika sortu zuen.
Orain, aldiz, Topoa erabiltzen hasi dira bai Eusko Jaurlaritza eta baita udala ere. Gorka Eraña Eusko Jaurlaritzako prentsa arduradunak azaldu du Topoa izan dela beti eta Topoa izaten jarraituko duela. Oraindik ez dago argi Donostialdeko Metroa jartzen duten kartel guzti horiek aldatuko ote dituzten, berriz, edo ez. Dena den, bai Eusko Jaurlaritzak bai udalak azaldu dute izena ez dela garrantzitsuena, azpiegitura bera baizik.
Eneko Goia, alkatea
«Topoaren zerbitzu on batek Dbusen zerbitzu hobea ekarriko du»

Eneko Goia alkatea.
Herritarrek hainbat protesta egin dituzte urte hauetan.
Topoaren igarobidea aspaldiko proiektua da. Helburu jakina du: topoaren zerbitzua hobetzea, eta garraio garbi, sozial eta publiko bat indartzea, autoaren alternatiba eraginkorra osatuz. Horrelako obra handiek beti izaten dute oposizio parte bat. Ulergarria da zenbait jendek ez nahi izatea, baina erakundeen eta ardura publikoa dugunon zeregina da aurrera begiratzea eta azpiegiturak hobetzea. Kasu honetan, jende asko Topoaren erabiltzailea da, eta beste askok ez du garraio hau erabiltzen. Datu guztien arabera, ohiko erabiltzaileek eta hiriko ekialdeko auzoetako biztanleek adibidez, erabat babesten dute hobekuntza hau, eta erabiltzen ez dutenek ez dute hain beharrezkoa ikusten.
Zein onura ekarriko du Topoaren zabaltzeak hirira?
Topoaren igarobideak egun bi linea dituen zerbitzua linea bakarrean bihurtuko du. Horrek abantaila asko izango ditu, inork ez baitu trenetik jaitsi beharko Errenteriatik Antiguara edo Lasartera heltzeko, adibidez. Horrek askoz eraginkorrago bihurtuko du zerbitzua. Horrekin batera, hirian Easoko estazio inguruan dauden 22.000 metro koadro irabaztea suposatuko du, trenbidea lur azpira pasako baita. Horrek esan nahi du hiri erdi-erdian espazio itzela irabaziko dugula eta horrek hiria hobetzea ekarriko du. Azkenik, autoak hiri erditik kentzea ekarriko du, asko eta askorentzat errazago izango baita metro jarioa izango duen zerbitzua erabiltzea leku batetik bestera mugitzeko. Tren batek 400 pertsona eraman ditzake: horretarako, 100 auto beharko lirateke.
Dbuseko autobus zerbitzuetan eduki dezakeen eraginaz kezkatuta agertu dira langile batzuk.
Kezka normala da, baina ez dauka oinarririk. Donostiak autobus zerbitzu oso ona dauka. Topoak aukera emango du bi garraio horiek osagarriagoak izatea. Hala, autobusak egun iristen ez diren lekuetara iritsi ahal izango dute, Topoaren zerbitzuak zenbait gune estaltzen dituenean. Topoaren zerbitzu on batek Dbusen zerbitzu hobea ekarriko du, biak ala biak osagarriak baitira.
Inbertsio handia egingo du Eusko Jaurlaritzak Donostian. Zein iritzi du udalak?
Hori oso positiboa da. Gure hirian Eusko Jaurlaritzak azpiegitura honekin egingo duen inbertsioa ona izango da Donostiarentzako eta donostiarrentzako. Urteekin jabetuko gara, bere garaian trena hirira iritsi zenean bezalaxe, azpiegitura hau hobetzeak donostiarron bizitza kalitatea hobetzea ekarri duela.
Lanek bizilagunei kalterik eragingo diete?
Edozein lanek dute eragina ingurukoentzat. Baina gauza bat esan nahi nuke: topoaren sareko hobekuntzak aspaldi hasi ziren: lehenengo, Antiguan Lugaritzeko estazioan. Ondoren, Añorgan eta Errekalden. Beranduago, Intxaurrondon eta Altzan, baita Loiolan edo Herreran ere. Leku horietan guztietan ere bizilagunak daude, jendea bizi da, etxeak daude, eta etxeen azpitik ere pasa dira lanak kasu askotan. Eta ez da ezer gertatu. Jakina, eragozpen batzuk pairatu behar izan dituzte, eta orain ere hala izango da, batez ere zuloa egingo den tokian. Baina obra gehiena lur azpian egingo da.
Nola nahi ere, lan handiak egiten direnean, une konplikatu batzuk ere izaten dira eta oraingoan ere izango dira. Horren aurrean, informazio etengabea eta bizilagunekin hartu-eman zuzena izango dutela agindu digu Eusko Jaurlaritzak. Udalak, zuzen erantzuteko eskatu dio Jaurlaritzari afekzioak duten inguruetan.
Aurtengo lehentasunen artean jarri zenuen metroa, eta badirudi lanak hastera doazela. Espero moduan joan da guztia?
Eusko Trenbide Sareak enpresak eskarmentu handia du, beste leku askotan egin dituelako antzeko lanak. Dena ondo joatea espero dugu.