Gernikako Arbola pasealekua, azokako postuekin. (Argazkia: I. Esnaola)
Anoetako futbol estadioaren obrak direla eta, Amarako igandeetako azoka lekuz aldatu du Donostiako Udalak. Hurrengo bi urteetan, Gernikako Arbola pasealekuan izango da azoka behin behinean (10:00etatik 14:00etara). Aldaketak harrera desberdina izan du auzotarren artean. Pasa den astean jarri zituzten aurreneko aldiz 59 salmenta postuak, eta hainbat bizilagunek kexa agertu zuten.
Bigarren astez, ordea, postuek pasealekua hartu dute eta herritar ugari pasa dira azokatik. Amaratik Erdialdera mugitu arren, gustura daude saltzaileak. Horrela adierazi dio Andreak IRUTXULOKO HITZAri. “Han eta hemen, gure postua mantentzen dugu, eta pozik gaude”.
Postu desberdinetara hurbildu direnek ere igandeetako ohitura mantendu dute. “Ez naiz igandero etortzen, baina azokaren kokapen berria hobeto datorkit, etxetik gertuago dudalako”, azaldu du Mirenek. Egon diren kexen inguruan galdetuta, horren berririk ez zutela adierazi dute.
Obrak bukatu bitartean, Gernikako Arbola pasealekuan izango da igandeetako azoka.