Intxaurrondo kultur etxean izango da aurkezpena, 19:00etan, eta hamabost egunez egongo dira ikusgai auzoko 1970. urtetik aurrerako 250 argazkitik gora.
Mons elkartearen omenaldia Bikondoa akordeoi-jotzaileari, 1983an. (Argazkia: IZBE)
Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteko –IZBEko– Historia batzordeak
Intxaurrondo atzo eta gaur izeneko argazki erakusketa inauguratuko du datorren ostegunean, urriaren 19an. Intxaurrondo kultur etxean izango da aurkezpena, 19:00etan, eta hamabost egunez egongo dira ikusgai auzoko 1970. urtetik aurrerako 250 argazkitik gora.
Irudi horiek guztiak gaiaren arabera antolatu dituzte IZBEkoek, 45 paneletan. Hala, Intxaurrondo bere osotasunean islatzen saiatu dira, hau da, Intxaurrondo Zaharra ez ezik, Iparra eta Hegoa ere ikusi daitezke.
Izan ere, duela bi urte, Historia batzordeak Intxaurrondo txuri-beltzean erakusketa egin zuen, 1980ra arteko argazki zaharrak biltzeko: «Une horretan, hainbat bizilagun hurbildu zitzaizkigun jakiteko hortik aurrerakoa egingo genuen, argazki zaharrek auzo erdia islatzen zuelako nolabait». Beraz, erakusketa berrian ikusi daiteke auzotarrek eskatutakoa.
Erakusketara hurbiltzen denak mota askotariko gaiak aurkituko ditu: auzoko ikuspegi orokorrak, eraikin bereziak, eskolak, jaiak eta beste mota bateko ospakizunak, hainbat gizarte mugimendu, kirolak… : «Horietan, gainera, auzoko jendea eta kuadrillak agertzen dira, baita Ametzagaina eta Txaparreneko parkeen inaugurazioa ere». Azken 50 urteetako bilakaera erakusteko baliagarria izan daitekeela uste dute bultzatzaileek.