Lan Eskaintza Publikorako 61 plaza onartu ditu udalak
Aurtengo Lan Eskaintza Publikoa adostu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Guztira, 61 plaza aterako ditu lehiaketara, azken urteetako kopuru handiena. Izena emateko epea ez dute zehaztu, baina www.donostia.eus webgunean argitaratuko dute.
Azken urteetako legedia oso murriztailea izan dela adierazi du Eneko Goia alkateak. Udalak ezin izan ditu bete gabe dauden plaza guztiak lehiaketara atera, nahiz eta asmoa hori izan. Horrela ere, 125 plaza atera ditu udalak 2015etik. “Udalak kalitatezko lan publiko egonkor baten alde egiten du”, azpimarratu du Goiak.
Aterako dituzten plazetatik 54 sarbide berrikoak dira: 22 administrari, 31 mugikortasun agente, eta erdi mailako teknikari bat. Administrari plazetara hautagai izateko Batxilergoa, Teknikoa edo baliokidea eskatuko da; mugikortasun agente izateko DBH edo baliokidea, eta erdi mailako teknikari izateko Unibertsitate-gradua edo baliokidea. Gainera, euskara hizkuntza-profila ere kontuan hartuko da, eta administrari zein mugikortasun agente izateko bigarren profila eskatuko da.
Gainontzeko 7 plazak barne igoerakoak dira. Era berean, aukeraketa prozesua gainditzen duten baina plaza lortzen ez duten hautagaiekin ordezkapen-zerrenda osatuko da bete gabe gelditzen diren postuak betetzeko edo epe baterako beharrak betetzeko.