San Luis plazaren ingurua, urez gainezka. (Argazkia: Estibaus)
Garberaren handitzearen baitan bi alegazio aurkeztu dituzte udaletxean Larratxo-Herrerako Osteguna auzo elkarteak eta Herrera-Altzako Herripe auzo elkarteak. “Proiektu horren inguruan iritsi zaigun informazioaren arabera, ez da kontuan izan eskuhartze horrek izango duen eragina Herrera eta Larratxo auzoetan. Hain zuzen, euri eta saneamendu uraren inguruan ari gara, Txingudira bideratuko baitira, eta isuri horrek saturazio handia du eta sortu izan ditu urjauzi bortzitzak eta uholdeak Txirrita kalean, Herrera pasealekuan eta San Luis plazan”.
Auzo elkartetakoen hitzetan, hamarkadak dira arazoak dakartzatela Txingudiko errekarako ur isuriek. Horrela, euren ustez eragin zuzena izango du Garberaren handitzeak eta horrek dakarren aldaketak dagoeneko gainezka egiten duen emarian. Aipatutakoaz gain, Garberako biribilguneak ere kezkatzen ditu bizilagunak: “Ez dira argi geratzen egin nahi dituzten aldaketak, baina kezkatuak gaude, kontuan hartzen baitute auto zirkulazio handiagoa merkataritza gunearen bueltan, baina ez Pasaiako portuaren baitan”. Gogoratu dute etxebizitza berriak egongo direla Rotetan, eta Intxaurrondoko Otxoki ingurutik gero eta auto zirkulazio handiagoa dagoela: “Udalak denda txikiak babeste dituela dioen arren, errealitateak beste gauza bat ikusarazten digu. Desagertzen ari dira gure auzoetako dendak, eta haiekin batera desagertzen doa auzotarren arteko bizitza soziala eta elkarbizitza”.