Lilatoian izena emateko epea abenduaren 13an irekiko dute
2018ko martxoaren 4an izango da 29. Lilatoia. Abenduaren 13an irekiko dute lasterketan parte hartzeko epea, Kirolprobak-en webgunean. Izena ematerakoan parte hartzaileek aukera izango dute elkartasunezko ekarpen bat egiteko, euro batekoa. Aurten Begisare elkartearentzat izango da elkartasunezko euroaren bidez jasotako diru guztia.
Begisare erretinosi pigmentarioa duten gaixoak batzen dituen elkartea da. Esplikatu ohi dute mundua ikusten dutela konoaren muturrik estuenetik begiratuta ikusten den gisan; ikusmen eremu oso murritzarekin. Gero eta murritzagoarekin, gainera: zio genetikoko eritasun bat baita, degeneratiboa. Elkartean lan ildo garrantzitsu bat dute ikerkuntzara begira. Biodonostia ikerketa zentroarekin harremanetan daude, eta hango zientzialarien jardunean dute jarria esperantza.