Oroimen Historikoaren Bulegoa sortu dute
Udalak, maiatzean, diru laguntza eman zion Aranzadi Zientzia Elkarteari, azterlan hau burutu ahal izateko. Proiektuaren helburu nagusia da Donostian jaio edota bizi izan ziren pertsona guztiak aurkitzea, eta Donostian giza eskubideen urraketaren bat jasan zutenak.
Juan Ramon Viles Giza Baliabideetako zinegotziak bulegoaren xehetasunak eskaini ditu. “Nahiz eta Oroimen Historikoaren Bulegoa aste honetan abian jarri, dagoeneko Zorroaga Gaineko kalean dagoen egoitzak 20 pertsona artatu eta 6 grabaketa egin ditu”.
Aranzadiko taldeak digitalizatu egingo ditu herritarrek ekartzen dituzten dokumentuak. Beraz, informazioa ekartzen dutenek jatorrizko dokumentu guztiak izaten jarraituko dute. Ekarpena ahozko lekukotasun bat bada, ikus-entzunezko grabazio bat egitea proposatuko zaio lekukoari. Bestalde, interesduna ezin bada Aranzadiren egoitzara etorri, Aranzadiko langileak joango dira pertsona horren bizilekura, hark hala eskatuz gero.
Bulegoa astelehenetik ostiralera egongo da irekita ikerketak irauten duen bitartean, Aranzadiren Donostiako egoitzan, Zorroaga Gaineko 11. zenbakian. Jendaurreko ordutegia 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara da. Halere, bulegora joan aurretik Aranzadiko taldearekin harremanetan jarri behar da: jbuces@aranzadi.eus posta elektronikoaren bidez, edo 943 46 61 42 edo 699 809 130 telefonoetara deituta.
Donostiarrek 1936tik 1945era errepresaliatutako senitartekoen edo pertsonen datuak eskatu ahal izango dituzte, eta informazioa eman ere. Oroimen Historikoaren Bulegoaren bidez egin ahal izango dute. Gaur egin dute zerbitzu berri honen aurkezpena. Donostiako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean sortu dute.
1936tik 1945era Donostian izan ziren giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa proiektuaren barruan kokatzen da zerbitzua.