Hamalau urte zituenetik moda munduan lan egin du Nagore Perezek (Elgoibar-Amara, 1979). Egun, Groseko Little Lola dendako jabea da. Arropa eta osagarriez gain, aholkularitza ere eskaintzen du.

Nagore Perez, Little Lola dendako jabea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostian hamar urte inguru darama bizitzen, baina, jaiotzez, Elgoibarkoa da Nagore Perez eta Deban ere bizi izan da. Oso gaztea zenetik, modan murgilduta dabil. 2011n, Little Lola arropa eta osagarrien denda ireki zuen, Grosen.
Noiz hasi zinen moda munduan?
14 urtetik 23ra modelo gisa egin nuen lan, eta, gero, marken ordezkari izan nintzen. Hau da, modako marka batzuk Euskal Herri osoan zehar saltzen hasi nintzen; bereziki, arropa eta osagarriak. Merkatua ezagutu eta hamar urtez kalean salmentekin lan egin ondoren, erabaki nuen nire marka sortzea: Little Lola.
Zergatik sortu zenuen Little Lola?
Emakumeok jakin behar dugu gure momentuak izaten eta bizitzen, eta gure burua zaintzen. Izan ere, batzuetan, badirudi emakumeok galtzen dugula gure norabidea. Bikotekidearen bizitzan, haurraren bizitzan eta beste hainbat gauzatan gaude zentratuta, eta ahaztu egiten gara gure buruaz. Sortu nuen denda, hein batean, hori ez galtzeko. Emakumeak Little Lolan sartzen direnean, deskonektatzeko eta behar duten arreta eduki dezaten. Emakumeok zaindu behar dugu geure burua, eta denda sortu dut gure artean zaintzeko. Azken batean, dendan sartzen direnean, emakumeak protagonista bilakatzen dira.
Nolakoak izan ziren Little Lolaren hasierak?
Larruzko poltsak fabrikatzen eta saltzen hasi nintzen 2007an, denda fisikorik izan gabe. Egiten nuena zen dendei nire poltsak saldu. Baina mozkin tartea oso txikia zen, salmenta oso garestia ateratzen zitzaidan. Horregatik, pentsatu nuen hobe zela salmenta zuzena nik neuk egitea, nire dendan. Horrela sortu nuen Little Lolaren denda fisikoa, Grosen, 2011n.
Zergatik ireki zenuen denda Grosen?
Nire ideia zen auzo batean abian jartzea. Normalean, egia da ohitura dugula Erdialdera joateko, baina auzoetan ere jendeak behar ditu horrelako dendak. Auzoetan konfiantza handiagoa dauka jendeak, etxekoagoa, gertukoagoa eta familiarragoa delako. Sartzen diren bezero gehienak ezagutzen ditugu jada, eta euren izenez deitzen diegu. Erdialdean hori gertatzea ezinezkoa da; publikoa eta harremana desberdinak dira. Gertukoa izanda, oso jende fidela lortu dut, eta hori asko eskertzen dut.
Zer nolako harrera izan zuen dendak hasieran horietan?
Ikusi nuen salmentak ondo joan zirela, jendeari marka gustatzen zitzaiola, eta aurrera egin nuen. Poltsekin eta arroparekin hasi nintzen, baina arropa da gehien saltzen dudana. Hasieran, nire asmoa zen poltsei indarra ematea, baina arrakasta gehien izan zuena eta gaur egun duena arropa da.
Zer eskaintzen du Little Lolak?
Eskaintzen duena da arropa ekonomikoa, edonoren poltsikoarentzako aproposa. Momentu kritiko batean ireki nuen denda, 2011n, krisi garaia pil-pilean zegoenean. Denek esaten zidaten ea nola zen posible garai horietan denda bat irekitzea. Ba, beharbada, une hori ona zelako, eta horrelako zerbait behar zuelako jendeak: prezio onak eta kalitatezko arropa.
Arropaz gain, zein beste produktuk du arrakasta?
Asko saltzen ditugu Little Lolako larruzko diru zorroak. Berez, txanponak sartzeko dira, baina jendeak giltzak eta beste hainbat gauza gordetzeko erabiltzen ditu, eta arrakasta dute. Bestalde, fularrei ere garrantzi handia ematen diet, uste dudalako aurpegiari argitasun handia ematen diotela.
Aholkularitza da zuen beste ezaugarrietako bat.
Hala da. Orokorrean, 35 urtetik gorako emakumeak dira gure bezeroak, eta adin horretako jendeari gustatzen zaio dendatik goitik behera jantzita ateratzea, look osoarekin. Gazteek, berriz, nahiago dute aldatzen joatea; beraz, ez dute hainbeste bilatzen aholkularitza dendan bertan. Badituzte beraien irizpideak eta blogari ugari jarraitzen dituzte horretarako. Gure bezeroekin, ordea, gu geu gara personal shopper funtzioa betetzen dugunak. Hori da denda hainbeste urtez irekita mantentzeko arrazoietako bat.
Nondik ekartzen duzu dendako arropa?
Bi astez behin, kanpora goaz erosketak egitera, zehazki, Parisera eta Italiara. Bertan, arropa bilduma berriak ikusten ditugu, dendan produktu berriak eta ezberdinak edukitzeko etengabe.
Zein irizpide jarraitzen dituzu arropa mota bat gomendatzerako orduan?
Bezeroak ilusioz beteta ikustea da gure helburua. Komertzio handiek egiten dutena da txikiak txikitu. Azkenean, denak gaude berdin jantzita eta ez dago irizpiderik. Badirudi denak balio duela eta jendeak ez duela iritzirik. Guk egiten duguna da pertsonaren arabera –aurpegia, azalaren kolorea, ilea…– arropa mota bat proposatu. Irizpide logikoak dira, ez joerek esaten dutena, joerak oso aldakorrak direlako. Nik ez dut sekula moda jarraitu, sentipenen bidez mugitu izan naiz beti. Zergatik jarraitu behar ditugu joerak? Joera eta estiloa norberak daukan zerbait da.
Aipatu duzun moduan, egun, gero eta blogari gehiago dago. Zer iritzi duzu?
Uste dut iritsi garela momentu batera non denak balio duen. Edonork dauka blog bat. Beti esan didate nire moda joerak eta bestelakoak aurkezteko baliagarria izan zitekeela, baina ez dut blogik ireki nahi izan. Oso jende profesionala dago, baina beste batzuk kea saltzen ari direla iruditzen zait. Modu horretan, galtzen ari dira balioak, eta nik ez dut horretan erori nahi. Iritsiko gara iristen garen jendearengana, baina egiten dugun lana benetan ona delako izango da.
Halere, garrantzia ematen diozu sarean presentzia izateari.
Bai, noski. Interneten presentzia edukitzea ezinbestekoa da norberaren marka defendatzeko, eta, gainera, ona da izena indartzeko. Hori bai, irizpide batzuk mantendu behar dira. Modan denak balio duela diote, baina ez da guztiz egia, muga bat du horrek.
Zein erronka dituzu etorkizunari begira?
Beste proiektu berri bat sortzen ari naiz, eta ume txiki bat daukat. Beraz, horiexek dira etorkizun hurbilerako ditudan erronkak.
LITTLE LOLA
–
Dendaren helbidea. Galtzada Nagusia 17, Gros. .
–
Telefonoa. 943 271 683.
–
Ordutegia. Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara.
–
Webgunea.
Littlelola.es