Udal gobernuak bere programaren %55 bete duela azpimarratu du alkateak; oposizioa kritiko agertu da Goiaren adierazpenekin

Eneko Goia gaur, udalbatzarrean. (Argazkia: Donostiako Udala)
Urtero moduan, Donostiako Politika Orokorreko Udalbatza egin dute.
Goizeko saioak agerian utzi du hiriaren inguruko iritzi desberdina dutela udal gobernuak (EAJ eta PSE-EE) eta oposizioko udal taldeek. Eneko Goia alkateak ordubete luzeko hitzaldia (
osorik irakurri) eskaini du azken urtearen balantzea eskaintzeko. Hiria duela urtebete baino hobeto dagoela adierazi du Goiak: “Donostia aurrera doan hiria da”.
Udal gobernuak bere programaren %55 bete duela azpimarratu du Goiak. Programaren betetze mailaren jarraipena egitea helburu duen
Hitzak, ekintzak tresna garatu eta aurki aurkeztuko dutela gaineratu du. Hain zuzen ere, tresna horren araberakoa da alkateak jakitera eman duen betetze mailaren portzentaia. Udalaren webgunean egongo da eskuragarri aipaturiko tresna, eta horrela, hiritarrek zuzenean eta modu zehatzean ezagutu ahal izango dituzte legealdi hasieran egindako programaren betetze maila.
Donostia 2020 Plan Estrategikoak jasotzen dituen erronkei ere tarte zabala eskaini die Goiak. Garapen ekonomikorako zutabeak zeintzuk diren esan du. Hala nola, ezagutza, berrikuntza eta talentua. Azkenari erreferentzia eginez, gazteen talentua hirian geratzea eta kanpokoa erakartzea dela esan du. Kultura eta turismoa ere garapen ekonomikoaren zutabetzat jo ditu. Horrez gain, etxebizitza politika eta gizarte kohesioa hiriaren erronka nagusienetakoak direla adierazi du Goiak.
Alkatearen hitzekin bat egin du Ernesto Gasco alkateorde eta PSE-EEko bozeramaileak. Udal gobernuaren gobernantza ona azpimarratu du: “Donostia berriz ere abian jarri dugu. Donostiarron harrotasuna berreskuratu dugu”.
Oposizioaren ikuspegia
Parte hartze laburragoa eskaini dute oposizioko udal taldeek.
EH Bilduko Amaia Almirall bozeramailea oso kritiko agertu da udal gobernuaren kudeaketarekin: “Eneko Goiaren legealdia suspentsoz beteriko legealdi bat suertatzen ari da”. Suspentsoak banaka zerrendatu eta azaldu ditu Almirallek (
osorik irakurri). Horien artean daude, etxebizitza politika, ekonomia eredua, politika sozialen kudeaketa politikoa, indarkeria matxistaren aurkako borroka, azpiegiturak (topoa, Garberaren handitzea, Altzako kiroldegia, Arraindegi eraikina, …) eta Urrezko danborraren afera.
Udal gobernuak azken urteaz egindako balantzea eta Irabazi Donostiarena oso desberdinak direla adierazi du Amaia Martin bozeramaileak. “Bizitza duin bat aurrera eramateko, alde batetik, etxebizitza, enplegua eta kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditugu”, esan du Martinek. Azkenik, PPren udal taldea ere kritiko azaldu da EAJ eta PSE-EEren gobernuaren “konplazentzia eta erosotasunarekin”.
Arratsaldeko saioan, udal taldeek ebazpenak aurkeztu dituzte.