Literaktum jaialdiak mahai-inguru interesgarri bat izango du
Azaroaren 14tik 25era izango da aurten Literaktum jaialdia, eta programazioaren xehetasun gehiago eskaini dituzte. Mahai inguru interesgarri bat, erakusketa bat eta bi lantegiren berri eman dute.
Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuari buruzko mahai ingurua da horietako bat. Mikel Aiestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza liburuaren sortzaileak izango dira solaskideak. 2011ko Udaberri Arabiarrean nabarmendu ziren herrialdeen iragana, oraina eta etorkizunaren inguruan mintzatuko dira. Azaroaren 15ean izango da San Telmo Museoan 19:30ean, eta Jaime Otamendi izango da moderatzailea.
Erakusketari dagokionez, Wangari Maathai eta bakerako zuhaitzak erakusketa bisitatu ahal izango da Aiete Kultur Etxean. Giza eskubideen eta ilustrazioaren gaiak modu ederrean eta pedagogikoan uztartzen ditu erakusketak. Aitziber Alonso ilustratzaileak Maathai ekintzailearen bizitza islatzen du, Uxue Alberdiren hitzen eta Xabi Payaren itzulpenaren laguntzaz. Erakusketarekin batera, ilustrazio lantegia egingo da azaroaren 25ean, kultur etxeko Haurtxokoan Alonsoren eskutik.
Wikilantegia izango da beste lantegia, izenak dioen moduan. Helburua da, Literaktum jaialdira etorriko diren idazleei eta artistei buruzko artikuluak Wikipedian sortzea, osatzea edo gaurkotzea. Azaroaren 23an egingo da lantegia, 17:30etik 20:00ak bitarte Fermin Calbeton kaleko Haur Liburutegian.
Jaialdira etorriko diren gonbidatuen izenak pasa den astean iragarri zituzten.