Pertsona sedentarioengan kirol ohiturak sortzea dute helburu
Intxaurrondon dago PIZTU! programa otsailetik; orain, abian jarriko dute Amaran eta Benta Berrin.
Donostia Kirola, Osakidetzako Donostialdeko ESI-k eta Osasun Publiko eta Adikzioetako Zuzendariordetzak PIZTU! programa abian jarri zuten otsailean Intxaurrondon, modu esperimentalean, pertsona ez aktiboei zuzendutako jarduera fisikoko preskripzioa, orientazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko. Hortaz, helburu nagusia da pertsona sedentarioengan kirol ohiturak sortzea, euren osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko.
Aholkularitza zerbitzu hori doakoa da, eta udal kiroldegietan kokatzen da. Instalazio hauetan, Osasun Zentroko medikuek jarduera fisikoa egiteko preskripzioa, kirol errezeta moduko bat ematen diete erabiltzaileei. Errezeta horrekin kiroldegira hurbiltzen diren pertsonak (aurretiko hitzorduarekin) monitore batek artatzen ditu eta lau asterako plan bat egiten die, bere nahiak eta ezaugarriak kontuan hartuta. Lau aste buruan, berriro berarekin biltzen da eta, epe horretan sor daitezkeen zalantzak eta eragozpenak argitzeaz gain, hurrengo hamabi hilabeteetarako plana egiten diote. Bosgarren eta hamabigarren hilabeteetan ere bere jarduera fisikoaren mailaren jarraipena egiten du ere monitore honek.