
Juan Arizaga, Alfonso Gurpegi eta Txema Hernandez, prentsaurrekoan. (Argazkia: Cristina Enea Fundazioa)
Donostian habia egiten duten
99 hegazti mota identifikatu ditu
AtlaSS egitasmoak, hirian egiten ari den erroldaren lehen fasean. Talde ornitologikoetako profesionalek garatu dute ikerketa, eta baita ere egitasmoarekin bat egin duten hainbat boluntarioek.
Bederatzi hilabeteko bidea bete du Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Donostiako Udalak sustaturiko egitasmoak. Cristina Enea Fundazioaren, Vasco de Camping elkartearen, Ugatza eta Itsas Enara Ornitologia elkarteen eta SEO/Bidlife-en babesa izan du ekimenak.
Helburu nagusia, hirian habia egin duten hegaztien atlas bat egitea da. Hain zuzen ere, espezieen argazki errealistena eta ezagutza zehatzena lortzea da xedea. Europa mailan oso hiri gutxik egin duten zerbait da.
Urtean zehar bi errolda fase egin dituzte. Batetik, apirilaren 15etik maiatzaren 15era, eta bestetik, maiatzaren 15etik ekainaren 15era. Gehien identifikatu diren bost espezieak ondokoak dira: zozo arrunta, txantxangorria, birigarro arrunta, kaskabeltz handia eta txonta arrunta. Horrez gain, hirian ezohikoak diren espezieak ere azaldu dira: lezkari arrunta, txilinporta eta ur-zozoa, besteak beste.
Webgune berria
2017an eta 2018an bildutako datu guztiekin proiektuaren hirugarren faseari helduko diote: Donostiako Hegazti Habiagileen Atlasa. Azken fasea hori 2019an egingo dute. Dena dela, datuak bildu eta errolda osatzen duten bitartean
www.atlass.eus webgunean kontsultatu ahal izango dira datuak.