'Txomineko rastroa'-ri agur esango diote
19 urteren ondoren ‘Txomineko rastroa’ egiteari utziko diote. Larunbatero bigarren eskuko merkatua egin ohi dute, baina azoka egiteaz arduratzen ziren bi lagunek azkena egingo dute larunbat honetan.
Agurrerako ospakizun berezia egingo dute. Ohi bezala, merkatua prestatuko dute Txomineko parkean, 11:00etatik 14:00etara. Oraingoan, ordea, dena doan izango da. Liburuak, arropak, mota guztietako trasteak… Nahi adina gauza eramateko aukera izango da. Zuzeneko musika izango da agurra girotzeko, eta hamaiketakoa ere prestatuko dute.
‘Txomineko rastroa’-ren sorrera Txomineko etxe okupatuarekin (1994-2014) lotuta dago erabat. Bertako bi kide hasi ziren merkatua egiten. Eraikina bota zutenetik udalak Txominen duen lokal bat erabili dute biltegi gisa. Orain, ordea, Txomineko etxe berriak eraikitzeko lanak direla eta udala etxabe eta lokalal ixten ari dela azaldu dute, eta lekurik gabe geratuko direla.