Txomineko merkatua artxiboko irudi batean, 2005. urtean. (Argazkia: Asier Coloma)
1998ko urrian egin zuten lehen aldiz, eta geroztik, ia hutsik egin gabe, larunbatero prestatu dute bigarren eskuko azoka Txomineko parkean. Biharkoa azkena izango dela iragarri dute.
Hemeretzi urteren ondoren,
Txomineko merkatuari agur esango diote. Larunbatero bigarren eskuko merkatua egin dute, baina azoka egiteaz arduratzen ziren bi lagunek, Asier Mendizabalek eta Saioak, azkena egingo dute larunbat honetan. Agurrerako ospakizun berezia egingo dute. Ohi bezala, merkatua prestatuko dute Txomineko parkean, 11:00etatik 14:00etara. Oraingoan, ordea, dena doan izango da. Liburuak, arropa, mota guztietako trasteak… Nahi adina gauza eramateko aukera izango da, azkena izango da eta.
Larunbatekoa azkena izango da, baina Mendizabalek ez du baztertu aurrerago berriz merkatua egiten hasteko aukera:?«Asmoa badugu merkatuarekin jarraitzeko, baina momentu honetan ez dugu B planik».
Txomineko etxe okupatuaren inguruan sortutako merkatua izan da. Hura bota zutenetik, 2014. urtetik, Asierrek eta Saioak udalaren lokal bat erabili dute biltegi moduan, parkearen ondoan. Mendizabalek azaldu du udala inguruko lokal eta etxabe guztiak ixten ari direla, beraiena ere bai: «Txomineko hainbat lokal eta etxabe hesitzen eta hormatzen ari da udala. Hurrengo urtean auzoa berritzeko obrak hasiko dituzte, eta ez omen dute ordurarte itxoin nahi, inork lokal horiek okupatu ez ditzan. Beraz ez dugu beste aukerarik izan, dena oso azkarra izan baita. Beste lekuren bat topatzeko asmoa bagenuen, baino hain epe laburrean ez digu denborarik eman. Agian aurrerago, beste lekuren batean merkatua egiteko ideia berreskuratu ahal izango bagenu, animatuko ginateke jarraitzen. Beste merkaturen bat egitea erabakitzen badugu, berriz Txominen egitea gustatuko litzaiguke».
Denboran atzera egin du Mendizabalek eta konturatu da bere bizitzako azken 19 urteetan larunbatero ia hutsik egin gabe egon dela merkatua antolatzen:?«Momentu berezia da, gustuko dudan zerbait egiteari utziko diodalako, eta nire asteroko errutina guztiz aldatuko delako. Ez da bakarrik gauzak saltzea larunbatetan. Lehendabizi, bildu; ondoren, ordenatu; lokala txukundu… Badago ikusten ez den lan gehiago. Bestalde, beti izan gara kontziente egun hau edozein momentutan iritsi zitekeela, eta zentzu horretan, lasaitasunez hartu dugu albistea, eta etorkizunari begira ikusiko da zein ate irekitzen zaizkigun».
Txomineko etxe okupatuan bizi zirela hasi ziren Asier eta Saioa merkatua egiten, 1998ko urriko lehen larunbatean: «Gure bizimodu harekin bat egiten zuen, gustuko genuen zerbait topatu genuen azokan, gauzak berrerabiltzea eta auzotarrekin harremantzea».
Hasieran, merkatuan saltzeko gauzen bila irteten ziren, auzoetako atarietan bilketa datak jartzen zituzten, eta jendeak emandakoa eramaten zuten merkatura, saltzeko. Pixkanaka, gero eta gauza gehiago ekartzen zizkieten zuzenean azokara, eta bilketak alde batera utzi zituzten: «Jendeak borondatez ekarritako gauzak izan dira beti, eta guk oso merke saltzeko politika izan dugu beti, normalean euro baten inguruan».
Betidanik izan dute gauzak berrerabiltzeko ohitura, eta hori izan zen merkatua abian jartzeko arrazoietako bat:?«Egun badago bigarren eskuko arropa eta objektuak lortzeko aukera, baina garai hartan ez zegoen ezer. Orduko merkatu bakarra Anoetakoa zen, pentsa. Guk bi aldiz jarri genuen postua Anoetan, noizean behin postua izateko aukera baitzegoen. Horra joan ginen gure liburu eta arropekin, eta gustatu zitzaigun. Baina Anoetan gehienez urtean bi aldiz jartzeko aukera ematen ziguten, beraz beste leku bat topatu behar genuen».
Txomineko etxe okupatuan bizi ziren, eta hantxe egitea erabaki zuten:?«Inoiz ez digu inor eragozpenik jarri. Bulebarrean jarri izan bagenu berehala esango ziguten joateko. Baina Txominen ez. Merkatua ez egiteko arrazoi bakarra eguraldia eta uholdeak izan dira».
Lehen merkatuek oso jende gutxi erakarri zuten. Denbora pasa behar izan zuen bizilagunak gerturatu arte:«Serio ari ginela ikusi zutenean, harrera gero eta hobea egin ziguten, eta merkatua bera gero eta gehiago errotzen hasi zen. Gu oso maitatuak sentitu gara. Joan den larunbateko merkatuan jada hasi ginen esplikatzen biharkoa azkenekoa izango zela. Emakume bat negarrez hasi zen, beste bizilagun batek arnasotsa atera zuen. Urte asko izan dira eta jende askorentzat ohitura bihurtu da merkatua».
Bere ustez, auzoari kolorea eman dio merkatuak:?«Auzoa hankaz gora dago aspalditik. Kristo egina egon da. Oso abandonatuta sentitu dira beti auzotarrak. Ez da bestelako jarduerarik antolatzen bertan. Guk behintzat musika jartzen genuen, haurrak parkean jolasean ibiltzen dira, jendea kuxkusean ibiltzen da… Orain Txomin berria eraikitzen hasiko dira, baina orain arte ez da inor auzoaz kezkatu». Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete merkatua egiten lagundu dieten lagun guztiei: «Txomineko auzokide guztiei, larunbatero edo tarteka merkatura etorri direnei, merkatuan salgai jartzeko gauzak ekarri dituztenei, laguntza eman diguten guztiei… bihotz bihotzez mila esker!».