Bodega Donostiarra taberna
Osagaiak
2 patata
Letxuga 1
Atuna
Piper gorria 1
Piper berdea 1
arrautzak 2
Ozpina
Olioa
Prestaketa
Eguneroko menuaren parte da Bodega Donostiarrako patata entsalada; hau da egunero eskaintzen duten plater bakarra, eta oso preziatua da bezeroen artean.
Prestaketa erraza duela azaldu du Montoriok. Lehenengo, pare bat patata eta pare bat arrautza xaflatan moztu eta egosten jarri behar dira. Bitartean, plater bat hartu eta letxuga jartzen da oinarri gisa. Gainean, xaflatan moztu eta egositako patatak eta arrautza jarri behar behar dira, eta, ondoren, atuna gehitzen zaio, zati txikietan moztuta.
Behin entsaladaren oinarria eginda dagoenean, piper gorriak eta berdeak botatzen zaizkio gainetik, dekorazio gisa. Azkenik, arrautza bat hartu eta xehatuta entsaladaren gainean bota behar da.
Behin entsalada osatutakoan Montoriok dio garrantzitsua dela oliba olioa botatzea, bereziki, patatak eta atuna olioz bustitzeko.
Miguel Montorio, Bodega Donostiarrako jabea
“Gaur egunera egokitu nahi genuen, baina tradizioari eutsiz”

1928tik dago Bodega Donostiarra izeneko taberna Groseko Peña y Goñi kalean. Duela bederatzi urte hartu zuen Miguel Montoriok, oraingo jabeak. Tradizioari eutsiz, gaurko garaietara egokitzen asmatu du.
Zergatik hartu zenuen Bodega Donostiarra taberna?
Grosekoa naiz eta txikitatik ezagutzen dut taberna hau. Urte luzez kanpoan ibili naiz bidaiatzen eta lanean, eta bueltatu nintzenean taberna hartzeko aukera suertatu zitzaidan. Hasieratik argi izan nuen tabernak zeukan tradizioari eutsi nahi niola.
Zergatik?
Bertako pintxoak eta giroa oso gustuko izan ditut beti, eta ez nituen galdu nahi; gaur egunera egokitu nahi nuen baina tradizioari eutsiz. Horretarako, berebiziko garrantzia izan zuten lehengo jabeek, Miguelek eta Pilik. Hogeita hamar urtetik gora pasa zituzten tabernan eta laguntza eskatu nien. Pintxoak nola egiten zituzten azaltzeaz gain, hornitzaileen kontaktuak ere pasa zizkidaten. Asko eskertzen diet lagundu izana.
Gaur egunera egokitu zarela diozu.
Bai, garaiak asko aldatu dira. Lehen, esaterako, taberna eguerdietan itxi egiten zen, ni, ordea, bazkariak ematen hasi naiz. Bestalde, garai batean larunbatetan eta igandeetan ixten zuten taberna, orain igandeetan soilik. Hala ere, lehengo pintxoak egiten jarraitzen dugu, Indurain pintxo ezaguna, adibidez.
Bazkariak aipatu dituzu.
Gure bezero nagusiak auzoko bizilagunak eta donostiarrak dira. Hori dela eta, haiei begira prestatzen dugu eguneko menua. Astean sei plater prestatzen ditugu, astelehenetik larunbatera. Ostegunetakoak edukitzen du arrakasta gehien, arroza brasa erara. Beste helburuetako bat janari osasuntsua eta orekatua egitea da. Urte asko pasa ditut hara eta hona, eta badakit kanpoan bazkaldu behar izaten duenak, eskertzen duela.
Bezero gehienak hemengoak direla diozu.
Hori da gure publikoa eta bezero horiek zaintzen ahalegintzen gara. Egia da kalea oinezkoentzat jarri zutenetik gero eta jende gehiago dabilela, eta, noski, tartean turistak ere bai. Ezin dugu hauek sartzea eragotzi eta gustura hartzen ditugu. Hala ere, arreta hemengo betiko bezeroetan jartzea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Zein da Bodega Donostiarran gehien gustatzen zaizun pintxoa?
Zaila egiten zait bakar bat esatea, asko gustatzen zaizkit. Hala ere, Indurain esango dut. Ikaragarri gustura jaten dut.
Eta Donostiako jatetxe edo taberna bat aukeratu beharko bazenu?
Jatetxeen artean Narru aukeratuko nuke, gustatzen zait nola egiten duten lan. Pintxoei dagokienez, berriz, Parte Zaharreko Paco Bueno tabernarekin geratzen naiz. Pintxo tradizionalak eta oso goxoak eskaintzen dituzte.