Bretxako Arraindegi eraikina. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio Bretxako Plan Bereziari. Bretxa eta Arraindegi eraikinetan, eta San Juan, Iñigo zein Aldamar kaleetan eragina izango du. Eneko Goia alkateak eperik ez du zehaztu egin beharreko lan guztiak noizko bukatuko diren argitzeko.
Arraindegi eraikinaren beheko solairura pasako da Bretxako sotoko merkatua. Ordutik aurrera, Aldamar kaletik izango du sarrera. Hori dela eta, plazaren erdian dagoen eraikina eraitsiko da. Erdiko gune hori libre geratuko da, eta jarduerak egiteko zein pertsonak egoteko plaza zabala izango da. Aldi berean, baserritarren merkatuaren estalkia San Juan kaletik Bretxa eraikinaren ipar-aurreladera mugituko da. Antzinako baserritarren postuen kokalekua zen.
Bretxa eraikina
Aldaketa hainbat izango ditu Bretxa eraikinak. Sarrerak hobetu eta erabilera guztietarako egokituko dira, irisgarritasuna bermatzeko. Halaber, teilatupea bateratu eta Goikoak patioarentzat egindako estalkia mantenduko da.
Arraindegi eraikina
Zeharo eraberrituko da Arraindegi eraikinaren barrualdea.Beheko solairuko merkatuarekin batera, Parte Zaharreko osasun zentroa eta kirol instalazio bat egongo dira. Orixe ikastolaren beharrei erantzuna emango dio aipaturiko instalazioak. Bestalde, eraikinaren barruan solairutarte bat egingo da, eta beste 872 metro karratuko egongo dira erabilera publikorako baliagarriak.
Kaleen egokitzapena
Eraikinen erabilera berrietara egokitzeko, hainbat lan egingo dituzte Aldamar, Iñigo eta San Juan kaleetan. Aldamar kalean oinezkoentzako gunea handituko da. San Juan kalean ere, oinezkoentzako gunea zabalduko dute, baserritarren merkatuaren kokaleku berria dela eta. Azkenik, Iñigo kalea guztiz oinezkoentzako izango da, eta Arraindegi eraikinaren sarrera hobetuko da.
Beraz, Plan Bereziaren hasierako onarpenak hasiera ematen dio Bretxako Merkatuaren – Bretxa eta Pescaderia eraikinak – eta bere inguruaren berritzeari.