Xare taldeko kideak.
Gernikako bonbardaketatik 80 urte bete dira aurten. Urteurrenaren harira, kontzertua eskainiko du Xare Laborategia [Hitz] taldeak, bihar, ostirala, azaroak 3, San Telmo Museoan. Kontzertu horretan gertaera lazgarrien inguruko bederatzi estreinaldi entzuteko aukera egongo da. Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 3 euroko prezioan salduko dituzte museoan bertan.
Bederatzi lanak sortzaile gazteek idatzitakoak dira, 1980 eta 1996 urteen artean jaiotakoak guztiak, eta Musikeneko konposizio ikasleak edo ikasle ohiak direnak. Sormen lanerako oinarritu dira aurreko belaunaldietako sortzaileek eginiko Gernikaren inguruko lanetan: Paul Dessau, Luigi Nono, Pablo Sorozabal edo Mikel Laboarenak. Gaur egungo ikuspuntua islatu dute beraien lanetan; bai 1937ko bonbardaketaz, baita harek izan zuen eragin artistikoaz Europa osoko sortzaileengan.
Emanaldiko antolatzaileak dira Musikagileak, Euskal Herriko Musikagileen Elkartea, San Telmo Museoa eta Musikene, VIII. Musikagileak Musika Garaikidearen Zirkuituaren baitan. Irailaren 25ean hasi zen zirkuitua, eta osatzen dute Bilbon eta Donostian eskainitako hainbat kontzertuk.
Kontzertua
- Jose Mari Iparragirreren Gernikako arbola gogoraraziko dute, Luis Fernandez gaztearen lan berriarekin.
- Ignacio Ferrandoren Un Gernika tras el Gernika , Leonardo Baladaren Guernica (1966) lanean oinarritua.
- Gernikaren aienak, Diego de Amigoren obra, Gotzon Aulestiaren Gernikan gertatu zen (1967) lanetik sortua.
- Bonbardaketa gertatu eta gutxira idatziriko Paul Dessauren Guernican oinarrituriko Hitzik gabeko abestia, Miguel Matamorok sortua.
- Jose Ramon Garciaren Suspiros en el vacio obra, gogora Manciet/Achiaryren Gernika (1999).