2018an aurrekontu handiagoa izango du Donostiako Udalak
Inbertsio politikak indartuko ditu udal gobernuak etorkizuneko proiektuak bideratzeko
444.929.770,66 eurokoa izango da Donostiaren 2018ko aurrekontua. Eneko Goia alkateak eta Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak aurkeztu dute aurrekontu-proiektuaren zirriborroa. Bihar onartuko dute Tokiko Gobernu Batzordean, eta xehetasunak Ogasun Batzordean emango dituzte. Iazkoa baino %6,88 handiagoa izango da aurrekontua, eta udalak inbertsioak egiteko esfortzu handiagoa egingo duela adierazi du Goiak. Horretarako, ohiko gastua %3,3 handituko da, eta inbertsioak %18,5 igoko dira. Udalaren ohiko diru-sarrerak bi dira. Lehena eta nagusiena da udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren bidez adostutako zerga. 2018rako 132.189.486 euro jasoko ditu udalak, iaz baino %3,71 gehiago. Bigarrena, berriz, hiritarrei zerga eta tasa bidez jasotakoak dira. Aurreratu dutenez, presio fiskala ez da handituko. Goiak aurrekontuaren xehetasun batzuk aurreratu ditu. Esaterako, gizarte gastua indartzeko konpromisoarekin jarraituko dutela esan du. Gizarte Ekintza departamentura bideratutako aurrekontu-sailak 500.000 eurotan handituko dira, eta beraz, 27,5 milioi euro bideratuko ditu udalak Gizarte Ekintza sailera, hiritarren ongizatearen gaineko inbertsioarekin jarraituz. Udalak hiriko hainbat gizarte-zentro eta zahar-etxe berritzen jarraituko du, eta 600.000 euroko inbertsioa egingo du hainbat ikastetxetako lanetan. Bestalde, hiriko hainbat azpiegitura hobetzeko inbertsioa egiteko sailak ditu 2018ko aurrekontuak. EH Bildu kritiko agertu da aurrekontu proiektuarekin.