Autobus geltokiko pantailak egokitu dituzte
Ikusmen urria eta irisgarritasun arazoak dituzten pertsonentzako erraztasunak ematea da helburua.
Donostiako Udalak autobus geltokiko ordutegien informazio pantaila bat egokitu du ikusmen urriko pertsonentzat. Neurri horren helburua da ikusmen urria eta irisgarritasun arazoak dituzten pertsonei erraztasunak ematea.
Pantailaren kokalekua egokitzeaz gain, hondoan dauden hizkien kontrastea anplifikatu egin dute errazago irakurtzeko. Zehazki, hobekuntza hori C atearen ondoan dagoen pantailan egin dute. C atea aukeratu dute autobus geltokiaren erdigunean kokatua dagoelako eta, gainera, bertan Braille hizkuntza erabiltzen dutenek geltokiko informazio guztia ematen duen ukipen-pantaila bat dutelako erabilgarri.
Begirisek eta ONCEk ohartarazita
Bi neurri horiek lotuta daude Begiris (Gipuzkoako itsu edo ikusmen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzeko elkartea) eta ONCE moduko elkarteek ohartarazitako zailtasunekin. ONCEko afiliatu batzuek erretinosi pigmentarioa, glaukoma eta halako gaixotasunak dituzte eta, nahiz eta itsuak ez izan, autonomiaz mugitzeko zailtasun asko dituzte.