Komikilabea abiatuko da bihar, Tabakaleran
Bihar hasi eta hilaren 13ra bitarte, 2. Komikilabea egingo dute Donostian. Prestatu duten programaren bidez, komikiaren eta nobela grafikoaren egoerari pultsua hartzea du helburu. Hainbat jarduera hartuko ditu egitarauak: aurkezpenak, tailerrak, proiekzioak, hitzaldiak, erakusketak, PechaKucha formatuko mahai ingurua, eta baita ere jarduera gastronomiko bat. Hemendik jaitsi ahal duzue programa.
Aurtengo Komikilabeak bi ikuspegi aztertu nahi ditu: bata, fikziotik gertu dagoena, batez ere genero fantastikotik, eta, bestea, errealitatea eta ez-fikzioarekin harreman gehiago duena, pentsamendu kritikoarekin eta beste formatu batzuekin –saiakera eta kazetaritza– lotura dituena.
Besteak beste ondorengo artista zein egileek parte hartuko dute: Dario Adanti, Mai Egurza, Mauro Entrialgo, Sarah Glidden, Conxita Herrero, Mamen Moreu, Roger Mainwood eta Sara Morante.
Gipuzkoako Foru Aldundia da Komikilabearen antolatzailea Tabakalera, Donostia Kultura eta Kutxa Kultur-en lankidetzarekin.