Gasco, Arriola eta Goia Martutene auzoan. (Argazkia: Donostiako Udala)
Urumeak eragindako uholdeei aurre egiteko lanak bi fasetan egiten ari da URA – Uraren Euskal Agentzia. Hain zuzen ere, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak Martutene auzoan egiten ari diren lanak bisitatu ditu, Eneko Goia alkatearekin eta Ernesto Gasco alkateordearekin.
Urumearen ibai bideko lanak 850 metrotan zehar bideratu dituzte, eta aurreko 25 metroetatik 50 metrora handitu dute zabalera. Horrela, Urumearen ur-goraldiak kalterik sortu gabe igaro ahal izango dira Martutenetik. Bizilagunentzako segurtasun-maila bermatzea dute helburu. Bestalde, El Pilar pasabidea eta Martuteneko zubiak ordezkatu dituzte, ibai bidearen zabalera berriarekin batera. Euri urak biltzeko kolektore-sarea eta ekaitz-tanga ere jarri dituzte. Lehen faseko lanek, 19 milioi euroko inbertsioa izan dute, eta Eskualde Garapenerako Europar Funtsa (EGEF)-ren dirua jaso dute.
Bigarren faseko proiektua bukatuta dago, eta pasa den ekainean aurkeztu zuten. Martuteneko zubitik eta 27 poligonora doan ibai bidea bideratzea ekarriko dute. Bigarren fasean ez dute zubirik ordezkatu beharko. Dena dela, Añarbeko saneamendu-sarearen berriztatzea ere aurreikusten da fase horretan, eta 16,8 milioi euroko inbertsioa beharko dute.
Arriolak URA egiten ari den lanen garrantzia azpimarratu du: “Urumeako ur-goraldiei aurre egiteko lanak Uraren Euskal Agentziako lanik garrantzitsuenetakoak dira uholdeei aurre egin eta segurtasun-maila handitzeko: bai orotara 35 milioi euroko inbertsioa izateagatik, baita Donostian izango duen eraginagatik, eta uholde errepikariek sortutako erasanak murritzarazteagatik”.
Martuteneko lanek hobekuntza bikoitza ekarriko dutela esan du Goiak. “Batetik, Martutene eta Loiolako hiri inguruak hobetuko ditu eta, bestetik, uholdeen arriskua duten zonaldeen segurtasuna hobetuko du”.