Artatxiki, tofu eta barazki hanburgesak azenario frijituekin
Garraxi jatetxe begetarianoa
Osagaiak: Artatxiki egosi kikara bat 250 gramo tofu Azenario bat Kalabazin bat Babata erdi bat Arroz hirina Kombu alga Tipula Miso txuria Oliba olioa Gatza Piperrautsa Olo malutak Garraxi jatetxe begetarianoko platera prestatzeko, lehenengo, hanburgesak egin behar dira. Artatxikia egosi behar da eta birrindu tofua, azenarioa, kalabazina eta babata. Osagai horiek guztiak nahastu behar dira eta nahasketari olio, gatz eta piperrauts pixka bat bota. Hanburgesek trinkotasuna lortzeko, garrantzitsua da olo malutak botatzea. Hori guztia arroz hirinetik pasa eta prest daude olio oso beroan frijitzeko. Saltsa egiteko, kombu alga uretan jarri behar da, beratzen, bigundu ahal izateko. Tipula julianan moztu eta poxatu behar da denbora luzez. Prest dagoenean, gatza bota behar zaio eta kombu alga ur pixka batekin, egosteko. Ondoren, dena nahastu Thermomix-arekin eta miso txuri pixka bat bota. Azenario chips-ak egiteko, patatak zuritzeko tresna batekin tirak egin behar dira eta hirinetik pasa. Azkenik, frijitu, sua oso bero dagoenean. Apaintzeko, cherry tomateak erabili daitezke.Idoia Garcia, Garraxi jatetxeko jabeetako bat eta sukaldaria
“Sukalde begetarianoa eta etxekoa eskaintzen dugu! Noiz sortu zenuten Garraxi? 2001ean izan zen. Egiako Ametzagaina kaleko lokal txikiago batean hasi ginen, bi mutil eta hirurok. Baina, orain, hiru neska gara jabeak: Maider, Bego eta hirurok. Zergatik erabaki zenuten janari begetarianoa eskaintzea? Garai hartan, janari begetarianoa eskaintzen zuen jatetxe gutxi zeuden inguruan, eta guk ez dugunez haragirik prestatzen, aukera ona iruditu zitzaigun. Gainera, gustatzen zaigu esperimentatzea eta sukalde begetarianoak horretarako aukera izugarriak ditu: zerealak, espeziak, lekaleak, saltsak… Jendeak ez du imajinatzen zein anitza den mundu hau. Zer eskaintzen du Garraxik? Astean zehar, eguerditan, eguneko menua eskaintzen dugu. Gauean eta asteburuetan, berriz, karta. Prestatzen dugun janaria oso osasuntsua da, baina bezeroekiko gertuko harremana izatea ere oso garrantzitsua da guretzat. Beraz, sukalde begetarianoa eta etxekoa eskaintzen dugu. Etxeko giroa du Garraxik, goxoa, gustuko dugu jendea etxean egongo balitz bezala sentitzea. Eta janariaz gain, erakusketak izaten ditugu jatetxean, bi hilabetean behin aldatzen ditugunak. Zer da gehien eskatzen dena? Patata eta tipula bolatxoak. Oso osagai ohikoak ditu platerak, baina errezeta oso bitxia da eta bistarako deigarria, forma abstraktua duelako. Asko eskatzen du jendeak, eta mahai batean zerbitzatzen dugunean, beste mahaietakoek ikusi eta berehala jakin nahi dute zer den. Donostiako zein jatetxe edo taberna gustuko duzu? Parte Zaharreko La Cuchara de San Telmo eta Igarako Aratz erretegia.