Ohikoa baino beranduago izango dira Behobia-Donostiako partaideen irteera guztiak, 2017ko ekitaldian ia 31.000 lagunek eman dute izena, gipuzkoar gutxiagok, eta madrildar gehiagok.
Iazko Behobia-Donostiako partaideetako batzuk, Bulebarrera iristen. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
53. Behobia-Donostia izango da aurtengoa. Baditu, beraz, urte batzuk lasterketak, eta urtez urte partaidetza izugarri haziz joan den arren, badirudi egonkortu egin dela 31.000 korrikalariren bueltan. Izan ere, datu ofizialen arabera, 30.912 lagunek eman dute izena aurtengo lasterketarako. Lau alditan lortu dute Fortuna Kirol Elkarteko kideek 30.000 lagunetik gorakoa izatea partaidetza. Jendetzarik handiena duela bi urtekoan izan zen, 2015ean, 34.000 lasterkarirekin. Edonola, aurten bere historiako hirugarren izen emate handiena duen urtea izango da.
Jaitsiera Gipuzkoako partaideen aldetik dator, aurreko urteetan baino gutxiago izango baitira, 1.000 lagunetara iritsi gabe. Aldi berean, partaide kopurua mantendu denez, kanpoko jende gehiagok izena eman duelako da. «Zentzu guztietan, urtez urteko igoerarekin, zerbitzu eta erakundeekin koordinatu izan gara, kalitatea mantentzeko», azaldu du Fortunako Iñigo Etxeberriak aurkezpen prentsaurrekoan. «Bidaian utzi behar duten dirua kontua izanda, argi dago kanpokoek balio handia ematen diotela lasterketan parte hartzeari», gehitu du Enrique Cifuentesek, Fortunako presideteak. Madrildik, esaterako, 3.700 lagun etorriko dira, aurreko urtean baino 700 gehiago. Etxeberriaren arabera, gero eta lasterketa gehiago daude inguruan, baita Bizkaia eta Nafarroan ere, azken bost urteetan goruntz egin baitute, hori izan daiteke gipuzkoarren jaitsieraren arrazoietako bat.
Emakumeen partaidetza bultzatzeko lanean ari da Fortuna, eta, aurten, %24ra iristea lortu dute. Horrela, helburu gisa jarri dute 2025ean partaideen erdia emakumeak izatea. Aurten, esaterako, lehen aldiz lau emakume erbien lana egiten arituko dira.
Puntako korrikalarien artean, hainbat izen aipatu dituzte. Emakumeetan, iazko irabazlea etorriko da berriz ere, Kanarietako Aroa Merino. Gizonetan, Carles Castillejo, azken bi ekitaldietako irabazlea, hirugarren garaipenaren bila etorriko da. Jaume Leiva ere izango da, 2012ko irabazlea, eta Camilo Santiago. Gipuzkoarren artean, Herrerako Ander Sagarzazu puntan ibiltzea espero dute.
Partaide horiek guztiak ohikoa baino hamabost minutu beranduago irtengo dira. Izan ere, AHTaren lanak direla eta, trenak ez dira aurreko urteetako erritmo berean ibiliko. Horrela bada, 9:45ean irtengo dira gurpildun aulkikoak; 9:50ean, patinatzaileak; eta 10:15ean, lasterkarien lehenengo txanda.
Lasterketaren alderdi solidarioa eta iraunkorra nabarmendu ditu Fortunako Arantxa Rojok: «Hemeretzi dortsal solidario ditugu aurten, eta hainbat akordio ditugu ingurumenarekin errespetuzko lasterketa izateko». Ildo horretatik, berrikuntzetako bat aipatu du Rojok: «CO2 isurtzea jaisteko, keinu bat egingo dugu. Irteerara Ficobatik edo Renferen Irungo geltokitik oinez doazenei barrita energetiko bana oparituko diegu».
Ikusleak dira, noski, korrikalariekin batera protagonista handiak, urteroko jaian, 60.000 inguru izaten baitira, animoak zabalduz. Aurtengo leloa, Energia positiboz blai izango da.
Beteranoei omenaldia
Anoetako berrikuntza lanak direla eta, aurten Kursaalen egingo dute Korrikalariaren Azoka. Horrela bada, leku faltagatik, ohikoak baino postu gutxiago egongo dira. Gaur bertan, ostirala, izango da azoka, 12:00etatik 21:00etara; eta, bihar, larunbata, 10:00etatik 20:00etara.
Iaz, 94 korrikalarik 25. aldiz eta edo gehiagoz egin zuten Behobia-Donostia. Datu hori kontuan izanda, aurten korrikalari beterano horiek saritzea erabaki du antolakuntzak. Horien artean dago Groseko Ander Diez; lasterketaren aro modernotik beti parte hartu duen korrikalari fina, 38 ekitaldi soinean hartuta.
Haur eta gazteak korrika egiteko prest, berriro ere
Korrikalari txikienak ere bilduko ditu asteburuko jaiak: 0-13 urte artekoak Behobia Txikian ibiliko dira, Anoetan; eta lasterketa nagusiaren azken kilometroetan jokatuko dute Behobia Gaztea.
Behobia-Donostia lasterketa nagusiarekin batera, beste hainbat jarduera antolatzen ditu Fortunak, egun horren bueltan. Dagoeneko klasiko bihurtu den Behobia Txikia bihar jokatuko dute; eta gero eta partaide gehiagorekin, Behobia Gazteari esker, lasterketa nagusia baino lehen ibiliko dira ibilbidean barrena korrikalari gazteak.
XI. Behobia Txikia Anoetako estadio txikian egingo dute, larunbatean. 0 eta 13 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzako proba da, eta 2.500 lagun izango dira aurten. Txikitatik izango dute lasterketara harra barruan horrela. Lehenego partaideak 15:00etan hasiko dira, eta, azkenak, 16:30ean irtengo dira. Seimultzotan banatuko dituzte partaideak: 0-2 urte (ibilbide itxia), 3-5 urte (100 metro), 6-7 urte (200 metro), 8-9 urte (400 metro), eta 10-11 urte (800 metro), 12-13 urte (1.200 metro). Txikienek heldu baten laguntza izan beharko dute, eta behin dagokien lasterketa jokatzean, partaide guztiek domina bana jasoko dute opari gisa. Askaria ere izango dute txikiek, txanda bakoitzaren amaieran (otarteko eta batido bat emango diete).
Bildutako diru guztia Sirian gerrak sortutako beharrei erantzuteko bideratuko dute, Unicef Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez. «Haur guztien eskubideak bermatzeko eta berez jasanezina den egoera batean laguntza eskaintzeko. Denok merezi dugulako mundu hobeagoa eta zuzenagoa. Siriako haurrek ere etxe bat izateko eskubidea daukatelako», diote txostenean.
Gazteak, helduen bidean
IV. Behobia Gaztea 9:30ean hasiko da, igandean. Herrera eta Bulebarra bitarteko ibilbidea egingo dute 300 korrikalari gaztek, 4’4 kilometroko bidea osatuz.
Kadete (2003an jaioak), jubenil (2001-2002 urteen artean jaioak) eta junior mailak (1999-2000 urteen artean jaioak) bereziko dituzte, eta maila eta sexu bakoitzeko lehen hiru azkarrenak sarituko dituzte, Bulebarreko podiumean. Horretaz gain, oroigarri moduan, parte hartzaile guztiek domina bana jasoko dute.
Helmugako hornidura postuan aukera ere izango dute edaria eta janaria eskuratu eta gainontzeko zerbitzuez gozatzeko guztiek ere.