Donostiako XVII. Cante Flamenkoko lehiaketa egingo dute larunbatean
Donostiako XVII. Cante Flamenkoko lehiaketa egingo dute larunbatean 18:00etan Antzoki Zaharrean, Kamelanos Adiquerar elkarteak antolatuta. Aurten 17. aldiz egingo dute eta emakume flamenko kantariak eta dantzariak izango dira protagonista. Hori dela eta, Tomasa Guerrero Carrasco, La Macanita (Jerez de la Frontera, Cádiz, 1969) izango da gonbidatu berezia.
La Macanita lau urterekin hasi zen buleriak kantatzen eta erreferente handi bat bihurtu da dagoeneko. “Gazte-gaztetatik, La Macanitak mundu osoko agertokietara eraman ditu bere flamenkotasuna eta ijitotasuna”, azaldu dute. La Macanita bezala, beste artista asko pasatu dira Donostiako Antzoki Zaharretik 17 urteotan: “Besteak beste, Juana la del Pipa, Montse Cortes eta Esperanza Fernandez”.
“Omenaldia egin nahi diogu, artista honen bidez, flamenko kantari talde eta, batez ere, emakume talde eder horri, erronkak gainditu eta flamenkorik garbiena nazioarte osoan zabaltzeagatik. Emakumeak, amak, alabak eta lagunak denak ere, beren eskubideen alde lehian, hezkuntzarako, prestakuntzarako eta errespetatuak izateko eskubideen alde, XXI. mendean bizitzeko eta eskubideak egikaritzeko eskubidearen alde“, gaineratu dute antolatzaileek.
Informazio gehiago hemen.