Iñaki Añorga eta Alazne Mujika prest daude Behobia-Donostia lasterketarako. (Argazkia: I. Esnaola)
Garrantzitsua da erbien lana Behobia-Donostia lasterketan. Denbora neurtzeko lagungarriak dira, eta ez marka bat betetzeko. Beraiek ere gozatzea dute helburu.
Lehen aldiz ariko da erbi lanetan Alazne Mujika (Azkoitia, 1972). Aldiz, esperientzia errepikatzea erabaki du Iñaki Añorgak (Usurbil, 1984). Korrikalariak dira biak, eta Behobia-Donostia lasterketa hainbatetan egindakoak. Ilusio eta helmuga berrien bila erbien esperientzia ezagutzeko gogoa zuten. Añorgak iaz bizi ahal izan zuen, eta Mujika gogotsu dago hilaren 12rako.
«Ordubete eta hamabost minutuko denbora da nirea. Antolakuntzako lagun batek erbi bat falta zitzaiola esan zidan, eta aukera aprobetxatzea erabaki nuen», azaldu du Añorgak. Esperientziarekin oso gustura geratu zenez, aurten ere denbora berarekin ariko da erbi gisara.
Sekulako ilusioarekin dago Mujika. «Duela hilabete batzuk Juankar Arregik, erbien arduradunak, lau emakumeri deitu zigun, eta parte hartzeko aukera izango dugu». Pasa den urtetik Mujikak erbien esperientzia bizitzeko gogoa zuen. Bere bi helburuetako bat da: «50 urte bete aurretik bi ilusio ditut. Batetik, Zegama Azkorri bukatzea, eta bestetik erbi izatea Behobia-Donostian».
Erbien lasterketa
Erritmo bat jarri eta helmugaraino mantentzea da erbien helburua. Behobia-Donostiak, ordea, berezitasun bat duela dio Añorgak: «Aldapak ditu eta hori kontrolatzea da zailena». Aurretik erbi lanetan ibilitako bati gomendioak eskatu zizkion, eta ideia argirik gabe egin zuen lasterketa pasa den urtean. «Aldaparik ez zegoen ibilbidean saiatu nintzen kilometroa 3 minutu eta 45 segundotan egitea, bataz bestekoa lortzeko».
Mirakruzeko gainera urduri iritsi zen Añorga. «17. kilometrora arte primeran eraman nuen erritmoa, baina azken aldapa motelegi pasa nuen eta pentsatu nuen ez nintzela gai izango nire denbora betetzeko. Horregatik, 17tik 19ra azkarrago joan nintzen». Helmugara erbi gisa zuen denbora baino lehenago iritsi zen. «Erritmoa gehiegi azkartu nuen garaiz iristeko, eta segundoak soberan izan nituen». Mirakruzen mutil bat geratu zen bere alboan, eta azkartzea erabaki zuenean «nora zoaz motel?» esan zion.
Kalkulu errazagoa du Mujikak. «Nire denbora betetzeko kilometroa bost minutuan egin behar dut, bataz beste». Halere, kilometro bakoitza neurtu beharrean partzialak egitea komeni dela uste du. «Aldapengatik ibilbideko kilometroak denbora desberdinean egitea komeni da. Aldapa bat ezin du bost minutuan igo, lasterkariak itoko nituzke». Erbien arduradunak estatistikak pasa dizkiete erritmoa neurtzeko.
Berezko prestaketa
Kilometro faltarik ez dute Mujikak eta Añorgak. «Lasai nago, maratoia prestatzen ari naizelako», dio Mujikak. Egin behar duen denborarekin seguru sentitzen da: «Erritmo erosoa da niretzako».
Añorga, berriz, iaz ibili zen maratoia prestatzen, eta bere burua ondo ikusi zuen erbia izateko. «Hamar urte eman nituen Behobia-Donostian parte hartu gabe, eta ondo sentitu nintzen». Aurten ez du entrenamendu berezirik egin. «Hamabost kilometroko lasterketa egin nuen, eta ikusi nuen ondo nengoela».
Ikusle zein lasterkariek aise identifikatu ahal dituzte erbiak. Bandera bat eramaten dute soinean, makil gisako baten gainean. «Alazneren aurrean ezetz esan beharko nuke, baina ez da erosoa», aitortu du Añorgak. «Maratoian egiten den bezala bosgarren kilometroan bandera erretiratu beharko litzateke». Ordea, ulertzen du antolakuntzarentzako publizitatea dela.
Erbiak ez ezik, lasterkariak ere badira, eta argi dute Behobia-Donostiaren helburu nagusia gozatzea dela. «Korrikalariak gutaz ahaztu, eta bakoitzak bere erritmora joan behar du», uste du Añorgak. Antzera pentsatzen du Mujikak: «Fernando Ibarretak behin esandakoa azpimarratuko nuke: ‘Nork jasotzen du 100.000 pertsonen txalo zaparrada? Messik Camp Noun, eta korrikalariek Behobia-Donostia lasterketan’».