Gipuzkoako erakunde publikoetako garbitzaileek kalitatezko enplegua aldarrikatu dute
Gipuzkoako udalerri gehienetan, Udalaren menpeko garbitasun zerbitzua azpikontratatuta dagoela azaldu dute. Ondorioz, langileen lan baldintzak okertu dira: “lan karga ikaragarriak, murrizketak ordu kopuruan, hitzarmenak izoztuta…”
“Ehunka dira, herri desberdinetan sakabanatuta, baina zoritxarrez lan baldintza desberdinak dituzte batak eta besteek. Lan baldintza horiek administrazio publikoetako erreferentzietara berdintzea da ELAren helburu nagusia”, azaldu dute. Azkoitiko udaleko garbitasuneko langileei Gipuzkoako garbitasuneko hitzarmen probintziala aplikatzen zaiela jarri dute adibide gisa: 17.278,17 euro urteko. Hondarribian 19.715 euro irabazten dute urteko eta Zarautzen, berriz, 21.693,77 euro.
Negoziazio kolektiboaren eta langileen borrokaren ondorioz lorpen handiak egin direla uste dute. Donostiako udalaren kasuan, garbitzaileek 31 egun egin zituzten greban, soldatan %30eko igoerak lortuz.
Hori dela eta, enplegu feminizatua kalitatezkoa izan dadin eskatzeko Q bat eta emakumeen sinboloa uztartzen duen irudiaren mosaikoa egin dute. Era berean, Aldundiko Berdintasun zuzendariari idatzia bat aurkeztu diote Gipuzkoako udaletako garbikuntza azpikontratetan eta Gipuzkoako Foru Aldundia parte den enpresa publiko zein pribatuetako garbikuntza azpikontratetan soldaten berdintasuna bermatze aldera pausoak eman ditzan eskatuz. “Izan ere, jakina da emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala egon badagoela (%23,9koa Hego Euskal Herrian), bada garbikuntzaren kasuan, ia osotasunean emakumeek osatua, administrazioan kobratuko luketena baino %20 gutxiago kobratzen dute”.