"Niretzat oinutsik korrika egin ahal izatea plazer bat da"
Behobia-Donostia lasterketa oinutsik egingo du Kontxi Garmendiak (Antigua, 1974). Hiru urte dira oinetakorik gabe korrika egiteko hautua egin zuela, eta gustura dago hartutako erabakiarekin.
Noiz hasi zinen korrika?
Betidanik egin izan dut korrika. Urte mordoa daramatzat lagun batekin astean bitan korrika egitera irteten, eta txakurra ateratzen dudanean ere korrika egiten dut. Beti gustatu izan zait, eta, gainera, gorputzak eskatu egiten dit. Batzuk egunerokoari aurre egiteko kafea hartzera joaten dira, nik gorputza mugitu behar dut.
Lasterketetan parte hartzen duzu?
Lehen aipatutako laguna eta biok joaten gara normalean lasterketetara. Guretzat aitzakiak dira lasterketak, horrela gogo gehiagorekin egiten dugu korrika. Gehienbat beregatik da ;nik uste dut lasterketarik gabe ere joango nintzatekeela korrika egitera. Hala ere, beti dago ondo helburu bat edukitzea. Lasterketetatik gustatzen ez zaidana lehiakortasuna da. Gozatzera joaten naiz eta ez lehiatzera. Nahikoa lehia badago munduan bestela ere.
Oinutsik egiten duzu korrika.
40 urterekin hasi nintzen oinutsik korrika, eta hiru urte daramatzat. Ia kasualitatez hasi nintzen. Hainbat galdera egiten zituen artikulu bat irakurri nuen:?posible da oinutsik korrika egitea? Onak dira zapatilak? Posible da zapatilek gure egiturari kalte egitea? Gauza asko esaten zituen, eta tartean liburu bat gomendatzen zuen: Nacidos para correr. Liburua bilatu eta irakurtzen hasi nintzen. Kuriosoa iruditu zitzaidan eta probatzea erabaki nuen.
Ohitzea asko kostatu zaizu?
Poliki-poliki hasi nintzen. Zapatekin ibiltzera ohitzen garenean gure oinak bigundu egiten dira eta kostatu egiten da oinen berezko izaera berreskuratzea. Lehenengo hilabetea da zailena. Aurreneko pausoak ematerakoan oina kexatu egiten da; baina behin hori pasata, ederra da.
Oinutsik korrika egiten hasteko. Non egitea gomendatzen duzu?
Lurra gogorra egotea komeni da. Hondartzan, adibidez, oinak indar gehiago egin behar du. Han egitekotan hondarra bustia eta gogorra dagoenean egin behar da. Bestela, belarretan edo errepidean. Garrantzitsua da ondo zapaltzen ikastea, eta oso erraza da. Izan ere, zapatak kentzean ia automatikoki dakigu nola zapaldu behar dugun.
Inoiz minik hartu duzu?
Hasieran denbora guztian zoaz lurrera begira. Gainera jendeak oinutsik korrika ikusten zaituenean ere hori da beti esaten dizuna: «Kontuz minik hartu gabe». Oina hasieran nahiko biguna daukazu eta errazagoa da kristal txikiak sartzea. Hala ere, oinutsik korrika egiten hasi nintzenetik soilik hiru aldiz sartu dut zerbait. Gauza handiak ikusi egiten dituzu, eta txikiak sartu eta berehala ateratzen badituzu, ez da ezer gertatzen. Gainera, azala gogortu egiten da, eta gero eta zailagoa da horrelako zerbait gertatzea.
Jendea harritu egiten da oinutsik ikusten zaituenean?
Oinutsik ateratzen naizen bakoitzean lotsa pasatzen dut. Neguan hotz handia egiten badu ez naiz oinutsik ateratzen baina udaberria heltzean beti hala atera ohi naiz. Batez ere lehen egunetan lotsa handia pasatzen dut. Jendeak begiratu egiten nau, batzuei zikina dela iruditzen zaie, ez dela higienikoa. Baina nik inoiz ez dut oinekin inongo arazorik eduki, eta gainera, dagoen materialik onena da; erraz garbitzen da eta uretan ere sar dezakezu. Uste dut informazio falta handia dagoela. Askok esaten didate belaunak izorratuko ditudala oinutsik korrika egiten jarraitzen badut, baina justu kontrakoa gertatu zait. Zapatilena negozio bat da, badirudi gaur egun korrika egin ahal izateko ezinbestekoa dela diru asko gastatzea.
Aurten ere oinutsik egingo duzu Behobia-Donostia.
Bai, dena den, ez da oinutsik egiten dudan lehen aldia izango. Aurretik zapatilekin ere irten izan naiz, baina ikusi nahi nuen ea gai nintzen Behobia-Donostia oinutsik egin eta gozatzeko; eta, bai, hala izan zen. Azkarrago joan nintzen eta gehiago gozatu nuen. Geroztik, oinutsik egin dut.
Ez dira asko izango oinutsik egiten dutenak.
Ez, baina bagaude batzuk. Donostian, adibidez, taldetxo bat daukagu. Pixkanaka joan gara elkar ezagutzen. Dena den, egia da Behobia-Donostia lasterketan ere jendea harrituta geratzen dela; pentsatzen dute meritu gehiago daukagula, baina ez da horrela. Niretzat oinutsik korrika egin ahal izatea plazer bat da, ez dute esfortzu gehiago egin behar.
Gomendatuko zenioke jendeari?
Zalantzarik gabe. Orain dela hiru urte oinutsik korrika hasi nintzenean kristoren gogoa sentitu nuen jende guztiari esateko, ilusionatuta nengoen. Horregatik ahalegindu naiz han eta hemen nire testigantza uzten. Tarteka topatzen duzu norbait zuri entzun eta probatzera animatu dena, eta horrek ilusio handia egiten du. Hemen gauza arraro baten moduan ikusten dugu, baina munduko herrialde askotan ibiltzen dira oinutsik. Agian munduan gehiago dira oinutsik korrika egiten dutenak zapatilekin korrika egiten dutenak baino.