Taldean beti joaten da azkarrago
Orain dela lau urte sortu zuten Basapiztiak taldea. Gaur egun, maila eta adin ugaritako 40 lagun inguruk osatzen dute. Horietako batzuk Behobia-Donostia lasterketa egiteko prestatzen ari dira.
Hernaniko lasterketa batean hartu dute parte taldeko bi kidek orain dela gutxi; bigarren postuan iritsi da bata eta azken postuan geratu da bestea: “Bakoitzak bere erritmoa daukagu taldean”, diote barrez.
Duela lau urte inguru sortu zuten taldea, “ia kasualitatez”. Hala azaldu du Iñigo Beldarrainek, taldeko kideetako batek: “Egian taldekako lasterketa batean parte hartzea otu zitzaigun, eta horrela elkartu ginen Manex Elortza, Eñaut Lasarte, Iñigo Gurrutxaga, Mikel Martinez eta bostok”. Hala sortu zuten taldea, baina gerora jendea «handik eta hemendik» batzen joan zitzaien: “Baten lagun bat, bestearen ezaguna, ezagunaren laguna… ohartu ginenerako talde handi samarra sortu genuen”. 40 lagun inguru daude gaur egun taldean, hiriko auzo ugaritakoak: “Bakoitzak bere erritmoa dauka, baina polita da talde baten parte sentitzea”. Gehienak gazteak badira ere, badago jende helduagoa taldean: “Gure gurasoetako batzuk ere taldekideak dira”.
Lehenengo Egiako lasterketa hartan asmatu zioten izena: Basapiztiak: “Izen beldurgarri baten bila joan ginen, baina hori bakarrik otu zitzaigun”. Hala ere, uste dute izena dela gutxienekoa, garrantzitsuena elkarrekin korrika egitea dela: “Banaka ateratzen zarenean zeure buruaren kontra ari zara; taldean ateratzen zarenean, aldiz, taldeari laguntzea eta ondo pasatzea dira helburuak”.
Ez dute lasterketa guztietan denek parte hartzen, Behobia-Donostia lasterketa soilik taldeko batzuek egingo dute, “baina gainerakoak animatzera joango dira”. Dena den, badituzte lasterketa “sakratuak”, eta horietan guztiak ateratzen dira. San Silvestre eguneko lasterketa da horietako bat: “Urtero mozorrotuta atera ohi gara San Silvestre eguneko lasterketan”. Gainerako lasterketetan, aldiz, taldeko kamiseta eramaten dute soinean: “Kamisetaren koloreak urdina eta beltza dira, eta logoa Ander Goenagak egin zigun”. Taldea eta kamiseta egiteko ideia Amara Berriko Suziri izeneko taldeari “lapurtu” ziotela gaineratu du Beldarrainek. Izan ere, kamisetek talde izaera ematen dietela uste dute: “Korrika goazenean errazago identifikatzen ditugu gure taldekideak eta horrela elkarri animatzen diogu”. Bestalde, parte hartzen ez duten kideek gainerakoak animatzeko ere balio duela dio. “Esan beharra dago Basapiztien animatzaileak direla guztietan onenak”, gaineratu du Beldarrainek.
“Ongi dago korrika egitea, baina garrantzitsuena ondorengo bazkaria eta parranda izaten da”, aitortu dute. Horixe omen da taldeka korrika egitearen beste abantailetako bat: “Korrika egiteak puntu bat balio du eta ondoren parranda egiteak bi”.
Behobia prestatzen
Taldekideetako batzuk “jo eta su” dabiltza Behobia lasterketa prestatzen. Entrenamenduak ere sarri taldean egiten dituzte, baina talde txikiagoetan: “Jende askok osatzen dugu Basapiztiak taldea, bakoitzak bere maila dauka, eta, beraz, talde txikiagoetan elkartzen gara lasterketak prestatzeko; orain Behobiarekin ari gara”. Hala ere, azaldu dute Behobia prestatzeko hirian eta inguruan antolatzen dituzten lasterketetan taldekide gehienek hartzen dutela parte.
Korrika aritzen dira gehienak, baina badaude patinetan aritzen direnak edo triatloiak egiten dituztenak ere. Dena den, Behobia ez du inork patinetan egingo: “Taldekideetako bat sarri ateratzen da patinekin. Donostiako Klasikoa, adibidez, patinekin egin zuen, baina Behobian patinekin ateratzeko aurreko lasterketetan marka oso ona egitea beharrezkoa da”.
Talde anitza osatzen dute Basapiztiek: “Neskak, mutilak, helduak, gazteak, maila altuagokoak, maila baxuagokoak…”. Denentzako dago lekua, eta nahi duen oro Basapizti “bihurtzeko” ateak zabalik daudela diote.