Alkohola eta gizartearen arteko harremana aztertuko dute asteazkenean
Hizketaldia Donostiako Udalak eta AERGIk antolatu dute; udalbatza aretoan izango da, 19:00etatik aurrera.
Alkoholik Gabeko Nazioarteko egunaren harira –azaroak 15, asteazkena–, hizketaldi bat antolatu du Donostiako Udalak eta Birgaitzen ari diren Alkoholikoen eta Menpekoen Gipuzkoako Elkarteak (AERGI): Alkohola, alkoholismoa eta gizartea. Udalbatza aretoan izango da, 19:00etatik aurrera. Jardunaldian parte hartuko dute Alvaro Iruin Sanz Gipuzkoako Osasun Mentaleko sarearen zuzendariak, Yolanda Anguera AERGI-ko idazkariak eta Josean Fernandez AERGI-ko zuzendariak. Aloña Velasco kazetariak aurkeztu eta dinamizatuko du solasaldia. Iruin medikuak alkohola, alkoholismoa eta gizartearen ikuspuntu medikua emango du. Yolanda Anguerak gaiak emakumearengan –guztietan estigmatizatuena- duen eragina aztertuko du eta Josean Fernandezek ikuspuntu orokorra emango du. Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek ondorengoa azpimarratu du: “Nahiz eta inkesten arabera alkoholaren kontsumoa jaitsi den, kezkagarria da benetan kontsumitzen hasteko adina, gaur egun, 16 urte izatea. Zalantzarik gabe, alkohola da gizartean gehien errotuta dagoen substantzia eta ia euskal biztanleria guztiarengan hedatua dagoena. Horrek naturaltasuna ematen dio edateari eta, ondorioz, eragin negatiboa sortzen gizartearengan”. Donostiako Udalak ekainean aurkeztu zuen 2013-2016 Donostiako Mendekotasunen Kontrolerako Planaren memoria, eta, orain, 2017-2021 bitartekoan ari da lanean. Ekainean esan bezala, alkohola eta drogei ez ezik, arreta berezia jarriko diete teknologia berriekin lotutako adikzioei.