Beñat Gaztelumendik badaki zeinekin abestuko duen Amurrion
Mauleko saioa irabazita, Beñat Gaztelumendik bazekien Amurrion izango zuela hurrengo saioa; agertokian norekin izango zen, ordea, oraindik ixteke zegoen, fasea bukatu bitartean. Horrela bada, bertsolari hauek arituko dira Amurrion, igandean, 17:00etan: Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal, eta Sustrai Colina. Sarrerak salgai daude, eta Internet bidez erosteko aukera egongo da, ostiralera arte, bertsosarrerak.eus atarian.
Bertsolari Txapelketa Nagusia puri-purian dago. Durangon jokatu zuten finalaurrekoen lehen faseko azken saioa, igande arratsaldean, eta Aitor Mendiluzek irabazi zuen, Miren Amuriza eta Jon Maiaren aurretik. Horrela, erabakita geratu zen finalaurrekoen bigarren fasera zein 18 bertsolari igaroko diren.
Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango da finalaurrekoetako bigarren fasea, datozen hiru asteburuetan.