Miguel Angel Diez zinegotzia. (Argazkia: Donostiako Udala)
Hilabete eta erdi darama itxita Egiako Plaza Haundiko igogailuak. Miguel Angel Diez Mantentze Lanetako zinegotziak esan duenez, hurrengo astean berriz ere abian izango da. “Egiako igogailua datorren aste bukaeratik aurrera izango da erabilgarri”. Hurrengo astelehenean, hilaren 20an, hasiko dituzte igogailuaren azken konponketa lanak.
Diezek itxieraren eta sortu diren atzerapenen azalpenak eman ditu: “Sistema informatikoko arazo baten ondorioz, igogailuaren erregulagailuak huts egin zuen, eta horregatik sortu zen matxura. Pieza hori kanpora eskatu behar izan zuen Oronak, igogailua mantentzeaz arduratzen den enpresak, eta astebete baino gehiago igaro zen pieza jaso arte”.
Erregulatzeko gailu berria instalatu behar zen egunean, euri asko egin zuen, eta konturatu ziren igogailura ura sartzen zela. Hori dela eta, igogailuaren egitura guztiz konpontzea erabaki zuten matxura berririk ez sortzeko. “Lanetarako, aldamioen eta kristalen aurrekontua eskatu behar da, baita ere estalkirako txapa berri bat jartzeko aurrekontua, eta horrek lanak atzeratu ditu”.
Egiako igogailuaren erregulagailu berriak 3.115,75 euroko kostua du, eta horri igogailuaren estalkiko ur iragazpenak desagerrarazteko konponketak gehitu behar zaizkio; 13.762,03 euro.