Protesta martxa jendetsua egin zuten Antiguatik zehar. (Argazkia: Lide Ferreira)
Mobilizazio ugari egingo dituzte aste honetan zehar Antiguako topo igarobidea egiteko lanak oztopatzeko asmoz. Satorralaia bizilagunen mugimenduak eta Antiguan Metroa Gelditu taldeak deitu dituzte protestak.
Elkarretaratzea egin dute gaur Merkataritza Ganberan 17:45ean. Izan ere, gaur eduki dute azken bilera Jaurlaritzako teknikariek egitasmo honek Antiguan zuzenean kalteturiko etxebizitzetako bizilagunei azalpen teknikoak emateko.
Ostegunean, aldiz, obrak gelditzeko aldarrikapen gunea osatuko dute Zarautz etorbideko eremu kaltetuan eta bertan prentsaurrekoa emanen dute. Ondoren, 18:30ean auto-karabana bat abiatuko da Amarako Pio XII Plazatik eta aldi berean hiri erdialdeko kaleetan informazioa banatuko dute.
Aldarrikapen eta protesta asteari amaiera emango diote larunbatean, Antiguatik Bulebarrera egingo den manifestazioarekin. 17:00etan abiatuko dira.