Pako Laskonategi, duela hiru urte egin zioten omenaldian. (Argazkia: Estibaus)
Herrerako ahots zurien Abesbatzaren alde lan handia egin zuen Pako Laskonategik, eta horixe eskertu nahi izan zioten inguruko bizilagunek, duela hiru urte egindako omenaldian. Orain hil egin da, 95 urterekin, eta altzatarrek ez dakite nola eskertu egin zuen lan guztia. “Bere izaerarekin bat, apaltasunez joan da, eta berarekin bere irribarrea eraman du, eta gu pixka bat tristeago geratu gara, baina, aldi berean, pertsona zintzo bat ezagutu dugunaren sentsazioa daukagu”, azaldu dute Altzako Hisoria Mintegiaren Estibaus atarian.
Diotenez, ez da erraza haren bizitza laburtzea: “Musikarekiko zuen maitasuna, parrokiako abesbatzan belaunaldiz belaunaldi egindako lana, neska-mutil bakoitzaren gaitasuna aise antzemateko eta azalarazteko zeukan kontua eta samurtasuna”. Azaldu dute omenaldia prestatzerakoan Pakorekin izandako bizipenen bila arakatu zutela Herreran, oroitzapen askorekin topatu zirela. Pakok auzoan egindako ekarpena eta hark zuen kultura maila altua nabarmendu dute, eta beti lan egiten zuela diote komunitatearen, adiskideen eta musikaren alde.