Ekialde Hurbileko egoera ulertzeko liburua, euskaraz
Mikel Aiestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza, gipuzkoar kazetariek, Ekialde Hurbila Muinak eta Ertzak liburua aurkeztu zuten atzo, Parte Zaharreko Elkarren. Kristina Berasain kazetariak koordinatuta eta Elkar, Berria eta Jakin.eus-en babesarekin, 2011ko Arabiar Udaberria gertatu zenetik, eskualdeak bizi duen eboluzioa jorratzen dute kazetariek, euskaraz.
Udaberri Arabiarraren ondorioen analisia egiten dute, izan ere, Zurutuzak, Irazabalek eta Aiestaranek lehen pertsonan bizi zituzten 2011ko matxinadak edota hauen ondorioak. Altxamendu demokratikoa zirudiena, erradikalismo eta ezegonkortasun baliokide bihurtu dira; Siriak, Yemenek eta Libiak guda bortitzak bizi dituzte ordutik, besteak beste.
Mikel Aiestaran Jerusalemen bizi da egun, eta urteak eman ditu Ekialde Hurbileko herrialdeetan zehar. 2011n Egipton eta Yemenen izan zen, besteak beste eta Siriako guda ere, gertutik ikertu du. Bere aburuz, lehen udaberria ez zen arabiarra izan, baizik eta persiarra. 2009ean Iranen eman ziren prostetak abiapuntutzat ditu beasaindarrak. Ordutik, herrialde askoren bilakaera politikoa jarraitu du, baita talde salafisten hazkundea, tartean DAESH taldearena.
Ane Irazabal azkenaldian Asian ibili da, Rohingya herriaren kanporaketa bortitzaren berri ematen. Baina bi urtez Kairon bizi izan zen eta 2011ko iraultzaren ondorengoak bizi zituen, Anai Musulmanen garaipen demokratikoa eta militarren kontrairaultza alegia. Aurretik, Tunisiako egoera ezagutu zuen ere bai.
Betiko legez, radarretik kanpo dauden aferak ditu oinarri Karlos Zurutuza donostiarrak. Kazetari gehienek ahazten dituzten aferen berri ematen du Zurutuzak, egunerokotasunetik at dauden gaiak. Liburuan, hainbat herri zapalduren borroka ekarri ditu gogora. Rojavan (mendebaldeko Kurdistan) bizi den une historikoa nabarmendu du “ikusi dudan iraultza bakarra, herri kurduak Rojavan egin duena da”. Rojavaz gain, Libiako herri Amazighen eta Sahara okupatuaren egoerak ere jorratzen ditu donostiarrak.
Gai bakarra eta hiru ikuspegi, 2011ko Udaberri Arabiarraren bilakaera eta ondorioak hobeto ulertzeko.