Ibon Sarasola euskaltzain donostiarrak jasoko du Abbadia saria
Abbadia sariko epaimahaiak aho batez proposatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari 2017ko Abbadia saria ematea Ibon Sarasola euskaltzain eta hizkuntzalari donostiarrari. Euskarari eta “bereziki euskara batuari” egindako ekarpena nabarmendu du epaimahaiak. Euskal hizkuntza esparru berrietara zabaltzeko garaian bere lanaren garrantzia eta eragina nabarmena izan dela gaineratu dute.
Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian jasoko du Sarasolak Abbadia saria. Hain zuzen, abenduaren 1ean izango da ekitaldia foru jauregian, 19:00etan. Aurtengo Abbadia sariaren oroigarria, artelan bat, Xare Alvarez artista donostiarrak egin du.
Sarituaren ibilbidea
Ibon Sarasola EHUko letren fakultatean Euskal Filologiako katedraduna da eta euskaltzain osoa 1988tik aurrera. Hiztegigintzan eta lexikografian aritu da bereziki, 1976an euskal hiztegi arauemailerako txostena aurkeztu zuenetik. Koldo Mitxelena euskaltzaina hil geroztik, Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) (1987-2005) eta ondorengo Euskaltzaindiaren Hiztegia (2012) egitasmoen zuzendari izan da. Hainbat lan argitaratu ditu lexikografiaz, dialektologiaz eta euskal literaturaren historiaz, baita saiakerak, poesia eta narrazioak ere. 1997an argitaratu zuen Euskara batuaren ajeak saiakerak oihartzun handia izan zuen. 1988-2000 bitartean Eusko Jaurlaritzak lagundu eta Euskal Editoreen Elkarteak argitaratutako Klasikoak bildumaren koordinatzaile izan zen, Patxi Altuna, Joseba Lakarra eta Blanca Urgellekin batera.