Hainbat bizilagunek larunbateko manifestaldian parte hartzeko deia egin dute (Argazkia: Hegoi Belategi)
Donostiako Topoaren igarobidearen obrak hurrengo astean hasiko direla jakinarazi diete, Antiguako hainbat bizilagunei. Obra horiek gelditzeko asmoz, proiektua salatzeko gunea antolatu du Satorralaia bizilagun mugimenduak, Zarautz kaleko 60. zenbakiaren ondoan, obrak bertan hasiko direla aurreikusten baita. Goizeko hamarretan hainbat lagun bildu dira, kafe eta jakiez hornituta, Antiguako bizilagunei informazioa eskaintzeko asmoz eta hurrengo egunetan egingo dituzten urratsen berri emateko. Larunbatean egingo den mobilizazioan parte hartzera deitu dute,
Stop Metroari! inposaketarik ez lelopean, ezinbestekotzat dutelako jendearen partaidetza, proiektua geldiarazteko. 17:00ean hasiko da manifestazioa, Antigua eta Alderdi Eder arteko ibilbidea burutuko dute. 17:45ean Artzain Onaren Plazan geldialdia egingo dute, ibilbide osoa egin ezin dutenek, batzeko aukera izan dezaten.
Topoaren igarobidea inposatutako proiektua dela adierazi dute Satorralaiako kideek eta argi dute Donostiar gehienek ez dutela interesik proiektuan. Zentzu gabekoa dela eta, Antiguako protesta gunea, bizilagunen erresistentzia sinbolikorako gunea izatea nahi dute. Data zehatza ez badakite ere, obrak hurrengo astean hasiko direla jakin dute. Obrak hasi bezain laster, hiritarrei mobilizatzeko eskatu diete, lanak oztopatzeko, betiere modu baketsuan. Antiguako bizilagunen desadostasuna argi uzteko ekintza izango da.