Belen Gonzalez oroitzeko mobilizazioa egingo dute gaur
Belen Gonzalez presoa oroitzeko asmoz, mobilizazioa egingo dute gaur arratsaldean Amara Berrin. 19:00tan Anoetan elkartzeko deia egin dute; bertan hasiko da manifestazioa eta Easo plazaruntz abiatuko dira.
Donostiako Ospitalean zendu zen atzo Gonzalez minbiziak jota. Etxean beraz, baina aske izan gabe. Paper garrantzitsua jokatu zuen Belen Gonzalezek, izan ere, bitan aritu zen mintzaide gisa ETAren eta Espainiar gobernuaren arteko negoziaketetan; Aljerian lehenik 1989an eta hamar urte geroago Zurichen, Jose Maria Aznar agintean zenean. 1999an atxilotu zuten Gonzalez Pauen. Ordutik hainbat espetxeetan zehar mugitu zuten presoa. Lehenik Frantziar Estatuan zehar eta ondoren Espainiar Estatuan. Horrela ibili zen A Lamako espetxean minbizia diagnostikatu zioten arte. Gaitza sendaezina zela baieztatzerakoan, espetxealdi arindua ezarri zioten Gonzalezi. Azken uneak Lazkaon eman zituen, etxean, baina preso izateari utzi gabe.
Hurrengo asteetan hainbat ekitaldi egingo dituzte Belen Gonzalez oroitzeko. Asteazkenean elkarretaratzea burutuko dute Groseko Pinudi plazan 19:30tik aurrera. Azaroak 26an 12:30tan omenaldia eskainiko diote Lazkaon, sorterrian.