"Desengainu handia hartu dugu"
Joan den astean Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak bilera bat egin zuen Karlos I.aren etorbideko bizilagunekin, auzoa bitan banatzen duen gune hau berritzeko bigarren fasea azaltzeko. Bizilagunek “desengailu handia” hartu dutela dio Lierni Lasa Barianterik Ez plataformako kideak: “Jendeak uste zuen saihesbidea kenduko dutela esango zuela Aranak, EAJ eta PSE-EEren gobernu itunean hala jasota zegoelako. Guri [plataformako kide batzuei] aurretik jada bilera batean argi utzi ziguten legealdi honetan ez zutela itxiko saihesbidea, nahiz eta horrela egingo zutela zin egin zuten. Halere, uste genuen auzoko gune hau hobetzeko plan hobea aurkeztuko zigula. Oraindik zirriborro itxura duela dirudi, dena zehazteko dagoela ematen du. Eta gure ustez, eskasa da”.
Lasak kontatu du bilera hasi eta berehala esan zuela Aranak, “argi eta garbi”, Karlos I.aren hiribidea ez dutela itxiko: “Nik pentsatu nahi dut ez dutela legealdi honetan egingo, hori esan nahi zuela. Baina halere, hurrengo legealdietan ere ez dutela egingo uste dut. Atzo aurkeztu zizkiguten proposamenak oso eskasak izan ziren. Politikariek huts egin digute. Hauteskunde kanpainan iragarritakoa eta hitzarmenetan sinatutakoa ez dute bete. Jendea oso haserre eta etsita dago”.
Karlos I.a ixteko proiektuaz baino gehiago, bilera horretan sahiesbidearen azpian dagoen gunea [Podavines ingurua] hobetzeko plana izan zuen hizpide Aranak. Hala uste du Lasak: “Aspaldiko aldarrikapena da, auzoko gune kritiko bat delako. Oso degradatua dago inguru hori. Eta guk beti eskatu dugu hau hobetu behar dela. Enpresa bati eskatu omen diote azterketa bat egiteko. Ez dute asko zehaztu, baina espero dugu itxura hobea hartzea. Egia esateko, ez da batere zaila egun dagoena hobetzea”.
Gainera, uste dute soilik zirkulazioaren ikuspegitik ari direla lantzen plana: “Batzorde horretan soilik ingeniariak eta politikariak daude. Urbanista baten ikuspegia ezinbestekoa da, auzo bat birgaitzeko proiektu bat dagoelako proiektu honen muinean. Auzoa asko degradatu da, besteak beste, Karlos I.aren saihesbidea dela eta. Badirudi ingurumena, kutsadura eta zarata ez zaiela inporta, soilik zirkulazioan izan dezakeen eragina aztertzen dute. XXI. mendean bizi gara eta guretzat hauek dira kontuan hartu beharrekoak. Guretzat oinarrizkoak dira”.