Gipuzkoako Zibersegurtasun Zentroa 2018an zabalduko dute Zuatzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratua martxan izango da, 2018ko hasieran. Proiektua finkatuta dute jada, baina hilabete batzuk beharko dituzte lanean hasteko. 250 metro karratuko azalera izango du zentroak enpresa gunean. Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak adierazi duenez, Zuatzuren konektagarritasun baldintza onak, erabakigarriak izan dira egoitza bertan kokatzeko. Parte hartze publikodun proiektua izango da, Foru Aldundiak 1,5 milioi euroko ekarpena egingo baitu, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren harira.
Zibersegurtasun Zentroaren lanak bi ardatz izango ditu. Alde batetik, bokazio industrial nabarmena izango du eta enpresa ertain eta txikiei, Zibererasoei aurre egiteko plataforma eskaini nahi die. Markel Olano Ahaldun Nagusiaren hitzetan “Gipuzkoako enpresen %80 baino gehiagok ekoizpen eta kudeaketa sistema konektatuak dituzte” baina heren batek soilik du segurtasun protokoloa. Azken urteotan Zibererasoek gorakada nabarmena izan dute. Geroz eta ohikoagoa da hedabideek Zibererasoen berri ematea, batez ere, mundu erdiari kalte egiten dioten erasoak direnean. Hala ere, eraso hauek uste dena baino askoz ere ohikoagoak dira. Gipuzkoari dagokionez, azken urtebetean enpresen erdiak erasoak jaso dituztela adierazi du Olanok. Gaur egun beraz, premiazkoa da segurtasun baldintza egokiak eskaintzea.
Bestalde, Zibersegurtasun Zentroak hazkunde ekonomikoa ere izango du helburu. Ekonomia Internet eta teknologia berrien baitan dagoen munduan, zibersegurtasunak geroz eta garrantzia handiagoa izango du. Hau da, jarduera ekonomiko eta lanpostu berriak sortzeko aukera izango da. Arlo horretan Donostiak asko eskaini dezakeela uste du Eneko Goia alkateak, jakintza maila egokia dagoelako. Inguruko enpresak gainera, zibersegurtasunaz baliatuz, are eta lehiakorragoak izango dira, hortaz, hazkunde ekonomikorako tresna ere bada.