Amiantoz kutsatutako lurren estaltzea eta Altzako kiroldegi berriaren garapena zaintzen jarraitzen dutela adierazi dute ohar baten bidez.
Altza Osasuntsuagoren aldeko Herritarren Plataformako hiru kide. (Agazkia: L. Ferreira)
Iraila amaieran, Altza Osasuntsuagoaren aldeko plataforma bildu zen udaleko zenbait arduradur politiko eta teknikarirekin. Azken horiek azaldu zuten bidalita dagoela jaurlaritzara amiantoa behin betiko estaltzeko proiektua, eta onespenaren zain daudela. Era berean, esan zuten kiroldegiaren egitasmo berrian moldaketak egin beharko direla kanpoko igerilekuan, eta horrek eragina izango duela bere altueran, kokapenean eta orain arte aparkalekua zen eremuan.
Bilera hartan, plataformak adierazi zuen Oleta ikastetxearen inguruan egin diren behin behineko estaltze lanetan akatsak izan direla, eta azalpenak eskatu zituen ikastetxe barruan azaldutako amiantoagatik. Era berean, galdetu zuten egitasmo berriak aldaketarik izango ote zuen, eta udal ordekzariek esan zuten barruko igerileku txikia aurreko proiektukoa baino txikiagoa izango zela.
“Moldaketen zehaztasunak emateko eskaria egin genion udalari, hurrengo egunetan, aurreko egitasmoan adostu baitziren herritarrekin barneko igerileku txikia balioanitza izatea, waterpoloko taldeek igerileku handia erabiltzea entrenamenduetan, bestean igeri egin ahal izateko”, azaldu du plataformak. Horretaz gain, gimnasia aretoaren altueraren berri ematea eskatu zuten, “horretan ere adostasun batzuk lortu baitziren aurreko legealdian. Gure galderen erantzuna ez genuen zuzenean izan, egunkari baten bidez baizik. Berriz galdetu behar izan genuen eta posta elektroniko bdiez berretsi zigun udalak ez dela moldaketarik izango”.
Ordutik, komunikabideen bidez jakin dute Eraikuntza Eskola zeneko eraikinean egin beharreko behin behineko kiroldegia aurrera doala, “horren inguruan herritarrek zalantza ugari azaldu arren. Erakunde pribatu baten eraikina izanik, premiazkoa da udalak bermatzea instalazio moldatuak herritarrentzako geratuko direla, aurrera begira ere”. Gainera, kokapenak hainbat irisgarritasun gabezia dituela salatu dute, eta bertaratzea errazteko neurriak beharko lituzketela: autobusa, igogailua, aparkalekua…
Plataformak “zeharka” jakin du aurrekontu egitasmoan diru sailak esleituta dituzten arren, oraindik ez dela kiroldegi berriaren egitasmoa onartu udaleko Gobernu Batzordean: “Beraz, lanen esleipena atzeratzeko arriaksua dago”.
Iraileko bileran adierazi zieten bezala, plataformak eskatzen dio Donostiako Udalari Altzako bizilagun guztiei zuzenean jakinaraztea ondorengoa:
- Ematen ari den eta emango dituen urratsen berri, amiantoz kutsatutako lurrak estaltzeko (noraino estaliko duten, nola estaliko den eta noiz hasiko diren).
- Kiroldegi berriaren epeak zein diren.
- Orezko instalazioak zertan diren eta erabiltzaileentzako neurri konpentsagarriak aztertu ote diren.
- Parte hartze prozesua egitea, moldaketak adosteko, aurreko egitasmoa herritarrekin batera ondu baitzen.