Donostiako Maratoia antolatu dute 40. urtez
Donostiako Maratoia 40. urtez jokatuko dute igandean, eta antolatzaileek prest dute guztia. Errondo pasealekuan izango da lasterketaren irteera, eta 42,195 kilometroko ibilbidea osatzeko, Anoetako estadio txikian egingo dituzte azken metroak korrikalariek. 3.200 lagunek eman dute izena momentuz, eta horietatik 439 emakumeak izango dira.
Maratoiarekin batera, 10 kilometroko lasterketa bat eta maratoi erdiko beste bat ere antolatu dituzte. Momentuz, 929 lagunek eman dute izena lehenengorako (420 emakume); eta 2.450 korrikalarik erosi dute dortsala maratoi erdirako (680 emakume). Hiru lasterketak kontuan izanda, 6.500 korrikalari baino gehiago espero dituzte Donostiako kaleetan barrena.
Antolatzaileek puntan ibiliko diren atletetako batzuk nabarmendu dituzte, gizonetan: Pedro Nimo del Oro, Hosea Kiprono Maiyo, Daniel Kipkemboi Kiptoo eta Richard Kiplimo Mutai, besteren artean; eta, emakumeetan: Rehima Serro eta Ana Isabel Alonso. Gipuzkoarrei dagokienez, presentzia handia izango da, izan ere, 1.500 korrikalari baino gehiago izango dira igandeko probetan, eta horietaik 690 inguruk egingo dute maratoi osoa.